Guaixe fundazioaren irudi berria

Guaixe 2024ko mai. 28a, 09:51

Gure markaren irudia berritzeko ideia sortu zen, Guaixe fundazioa osatzen dugun lantalde guztioi bateratasuna emateko helburuarekin.

Zergatik marka aldaketa?

Aurten bazkidetza kanpaina egitea aurreikusita genuen eta honen inguruan hitz egiteko biltzen hasi ginenean, kanpaina beraren irudiaren inguruan hausnarketa egiten hasi ginen. Hausnarketa horretatik, gure markaren irudia berritzeko ideia sortu zen, Guaixe fundazioa osatzen dugun lantalde guztioi bateratasuna emateko helburuarekin.  Askotan jendeak ez daki Guaixe astekaria, irratia eta GK diseinu eta komunikazio zerbitzua beraren parte direnik ere eta hori argitzeko beharra ikusi genuen. 

Behin irudi berria sortuko genuela erabakita, GK diseinu zerbitzuan lanari ekin genion. Prozesu honetan bi proposamen sortu ziren paraleloan eta hausnarketa baten ondoren gaur aurkezten dizuegu aukeratutakoa.

Hasieratik argi izan genuen bazkideak fundazioaren parte sentiarazi nahi genituela eta irudiak hori islatu behar zuela.

 

Abiapuntua

Sorkuntza prozesu horren abiapuntua kontzeptu zerrenda bat izan zen. Fundazioa deskribatzen duten eta deskribatzea nahi genuen hitz multzo batekin hasi ginen, bertatik hitz gakoak atera eta, ondoren, haiei forma eman ahal izateko. 
Aukeratutako proposameneko hitz gako nagusia giltzarria da;  bai zentzu figuratibo eta baita literalean ere.

Zentzu literalari erreparatzen badiogu, arkitekturan giltzarria arkuetan erabiltzen den erdialdeko dobela da. Arkua osatzen duten gainerako harriak baino neurri handiagokoa dena. Pieza horien helburua arku forma sostengatzea eta orekatzea da. Hau da, arkua ez erortzeko beharrezko pieza da.

Zentzu figuratiboan ere, beharrezkoa den elementutzat jotzen den zerbait dela esan daiteke.

Ideia horien bidez, Guaixe fundazioa osatzen dugun langile, bazkide, patrono, zein kolaboratzaileen garrantzia nabarmendu nahi izan da. Denak baitira beharrezkoak fundazioa bizi dadin.

Giltzarriaren ideiatik hasita, fundazioaren irudi osoa tipografia batean eraikitzean oinarritu zen. 

Eraikuntza arkitektoniko bat balitz bezala, forma geometrikoz eraikitakoa da eta giltzarri hitzari keinu eginez, arkuz beterikoa.
Display tipografia horren hizki guztiak sortzerako orduan, eraikitze sistema bera ezarri zen. Erretikula osatzen duten lau karratuen erpinak arkuengatik ordezkatuz joan ziren alfabetoaren hizkien formak lortzeko.

Bestetik, Guaixe astekarian eta Beleixe irratian erabiltzen den i hizki nabarmenduari keinu eginez eta informazio edo erreferentzia puntua islatuko lukeena, borobil laranja han-hemenka erabili da.

Bazkidetza Kanpaina horren leloa (Giltzarri za!) ere giltzarri edo beharrezko elementu horren ideiatik dator. Sinplea, baina zuzena izatea nahi genuen.

Kolorea erabakitzerako orduan, Tokikom osatzen duten beste komunikabideen kolore korporatiboak aztertu genituen. Horri esker, laranja kolorea erabiltzen genuen bakarrak ginela jakin genuen. Ezaugarri hori mantendu beharra zegoela erabaki genuen. Hala ere, tonua pixka bat moldatzea erabaki genuen, laranjagoa izatea eta ez horren gorrixka, ezberdinagoa izan zedin.

Tipografiari dagokionez, aurretik genuena mantentzea adostu genuen markaren elementu bereizgarritzat jo genuelako. Tipografia nahiko errotuta zegoen eta identifikagarria zela iruditu zitzaigun.

Fundazioaren, astekariaren eta irratiaren logoak, beraz, sortutako tipografia berri hori erabilita eratu genituen. Fundazioaren logoa G (Guaixe) eta F (Fundazioa) hizkiak bateratuta forma berri bat sortuta irudikatu genuen, irizpide bera da komunikazio taldea osatzen duten astekari, irrati, webgune zein sare sozialetarako erabili duguna, G (Guaixe) hizkia.

Horretaz aparte, eta hasierako premisa horri erantzunez, bazkideak parte hartzaile sentiarazteko asmoz, haiei ere tarte bat egitea erabaki genuen. Horrela, logotipo berri bat gehitu genuen K (bazKide) hizkia erabiliz. Zabaltzea nahiko genukeen Komunitatearentzako baliagarria dena ere.

Ikusita tipografia horrek hizkiak elkartuta sor litzakeen formak, hitzen bidez patroiak sortzea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun hainbat diseinutan erabiltzeko baita irudiari indarra emateko ere. Giltzarri horiek sortzen duten sarea irudikatzeko, Guaixe osatzen dugunon komunitatea irudikatzeko.