EH Bilduk Aita Mari ontzia bisitatu du, gaur goizean, Pasaian. Pernando Barrena Europako hauteskundeetarako zerrendaburua, Oihana Etxebarrieta hautagaia, Andrea Ruiwamba hautagaia eta Aita Mariko boluntarioa eta Endika Guarrotxena hautagaia eta Zaporeak elkarteko boluntarioa izan dira Pasaian.
Barrenak ziurtatu duenez, "migrazio arloan egiten duen politikarekin, Europar Batasunak hobi komun erraldoi bihurtu du Mediterraneo itsasoa. Jada 40.000 pertsona inguru hil dira bere uretan Europara iritsi nahian, miseriatik, gerratik eta gosetik ihesean, bizi-baldintza duinen bila". EH Bilduko hautagaiak gaineratu duenez, "hala eta guztiz ere, Europar Batasunaren erantzuna mugak esternalizatzea, laguntza ukatzea eta Genevako Hitzarmena bezalako nazioarteko araudiak urratzea izaten ari da. Azken astakeria PEMA da, Migrazio eta Asilorako Europako Ituna, Europan giza eskubideen urraketei jarraipena ematen diena".
EH Bilduko hautagaiak gaztigatu duenez, "itun horrek ondorio larriak, oso latzak, izango ditu nazioarteko babeserako eskubidean, atea irekitzen dielako Europa osoan migratzaileen eta asilo-eskatzaileen aurkako abusuei: arrazan oinarrituriko profilak, atxiloketak, nahitaezko itzulketak…" Barrenak gaineratu duenez, "itun horretan, aldiz, neurri bat bera ere ez da agertzen migrazio-ibilbideetan heriotzak eta eskubide urraketak saihesteko, ezta Europako mugetan indarkeria instituzionala desagerrarazteko ere. Migrazio eta Asilo Itunak agerian uzten du ultraeskuindarrek Europako agenda kontrolatzen dutela. Eta horren ondorioak itsasoan ez ezik, hemen bertan ere ikusten dira, Bidasoa ibaia lekuko dela".
Koalizioko hautagaiak azaldu duenez, "Aita Marik, Euskal Herrian eta Europa osoan erreskate humanitarioaren arloan erreferente bilakatu denak, eta Aita Mari bezalako proiektuek babes txikiagoa izango dute aurrerantzean, eta, ondorioz, are eta pertsona gehiago hil egingo dira Mediterraneoan".
Barrenak esan duenez, "Europa horren aurrean, Giza Eskubideen nazioarteko itunak urratzeko eskuin muturraren markoa bere egiten duen Europa horren aurrean, EH Bilduri emandako botoak elkartasunaren aldeko botoak dira". Ziurtatu duenez, "gaur inoiz baino gehiago, fronte komun bat eraiki behar dugu elkartasunaren Europa defendatzeko, pertsona guztiek askatasunez zirkulatzeko duten eskubidea defendatzeko, babeserako eskubidea defendatzeko, bizi baldintza duinak bermatzeko. EH Bilduren aldeko botoa elkartasunaren fronte komun horren aldeko botoa da, eskuin muturraren planteamendu egoista eta insolidarioei ezezko borobila ematen diona".