Europako Parlamenturako hauteskundeak 2024

Geroa Baik erabaki foroetan parte hartze aktiboa aldarrikatu du

Guaixe 2024ko mai. 28a, 13:24

Geroa Baiko Mikel Asiain eta Amaia Arrizabalaga. UTZITAKOA

Europako ekonomia eta finantza kontseiluan, Ecofinen, “Nafarroak ahotsa izatea” eskatu du koalizioak. “Ecofineko lan talde guztietan parte hartzea oso garrantzitsua da. Jokoan asko dago, eta ezin diegu gure ardurei izkin egin”. 

Europar Batasuneko berezitasun bati erreparatu zion Geroa Baiko Europako hauteskundeetako hautagai Amaia Arrizabalaga Idiauezek: "gaur egungo 27en Europan 31 ogasun daude aitortuta: estatu bakoitzaren 27 ogasunak eta lau foru eskualdeenak, horien artean Nafarroarena". 

Arrizabalagak nabarmendu duenez, "berezitasun horrek Nafarroari konpetentzia aparta ematen dio: gure zerga eta ekonomia politikak diseinatzeko gaitasuna, Europako politikekin armonizatuta. Horrekin batera, zergak biltzeko gaitasuna eta Nafarroako beharren araberako gastua modu arduratsuan eta egokian egiteko gaitasuna dugu". 

Geroa Baiko kideak azpimarratu duenez, "kudeaketa eta kultura politiko arduratsu batean eraikita,  autogobernu jardun horrek gure identitatea indartzeaz aparte, Nafarroari aukera ematen dio tokiko premiei eraginkorrago eta hurbiltasun handiagoarekin erantzuteko. Aldi berean, administrazio publikoan eraginkortasuna sustatzen du. Gainera, Europa eraikitzeko gure ekarpen zuzena da". Azaldu zuzenez, "Europan uniformitatearen aldeko testuingurua" dago. Horren aurrean, "Nafarroako berezitasuna nabarmentzen da inportantziagatik eta egokitasunagatik, errespetatu eta baliatu tokiko berezitasuna ekonomia eta gizarte garapen  jasangarria sustatzeko, eta benetako aukera izanen dena aurrerabiderako eta berrikuntzarako". 

Mikel Asiainek gogoratu du Uxue Barkosen gobernuarekin Nafarroa Ecofinen sartu zela. Asiainek nabarmendu duenez, "Nafarroak Ecofinen ahotsa izatea funtsezkoa da. Baina, era berean, funtsezkoa da botoa izatea. Erabakitzeko gaitasuna eskatzen dugu: hitza eta botoa. Konplexurik gabe, anbiziorik handienarekin. Historiagatik. Eskubidez. Gaitasunagatik". Geroa Baiko kideak nabarmendu zuenez, "Nafarroak eman behar du iritzia, Nafarroak hartu behar du bere erabakia".