Lehenengo sektorearen gaiari heldu dio gaur EH Bilduk. Europatik lehen sektoreari tratamendu berezia eman behar zaiola azpimarratu du Adolfo Araiz foru parlamentariak. Sartagudako nekazari eta Europako zerrendan hautagai Jaime Zabaletarekin eta Arakilgo alkate eta nekazari Oihana Olaberriarekin batera egin du Araizek agerraldia.
Araizek esan duenez, "garagartzaroaren 9ko hauteskundeak aukera paregabea dira Lehen Sektoreari Europako politiken esparruan merezi duen garrantzia emateko. Egoera kezkagarria da, lehen sektorea ahultzen ari da, arazo larriak eta egiturazkoak ditu". Foru parlamentariak azaldu duenez, "EH Bildun argi daukagu Lehen Sektorea sektore estrategikoa dela, azken finean kontsumitzen ditugun elikagaiei buruz eta ingurugiroaz hitz egiten ari garelako". Araizek nabarmendu duenez, "funtsezko lana da, baina errekonozimendu eta ordainsari nahikorik gabea, belaunaldi-erreleboaren arazo handia dago, ez baitago baldintza duinik jarraitzeko. Funtsezko sektore hori gabe gera gaitezke urte gutxiren buruan. Eta ezin da onartu. Estrategikoa baldin bada, argi dago tratamendu berezia eman behar zaiola, baserritarren eta abeltzaintza- eta nekazaritza- sektoreen bizimodua errazteko".
EH Bilduko kidearen iritziz, "funtsezkoa da burokrazia sinplifikatzea eta merkataritza libreko akordioak berrikustea. Onartezina da hemengo ekoizleei baldintza batzuk eskatzea, eta gero baldintza berberak ez eskatzea produktuak beste herri batzuetatik ekartzen direnean. Horregatik exijituko dugu inportatutako produktuei ere hemen eskatzen diren kontrol fitosanitario berberak aplikatzea".
Koalizioaren iritziz, "Euskal Herriko eta Nafarroako Elikadura Burujabetza lortzeko ere estrategikoa da Lehen Sektorea. Horretarako, tokian tokiko estrategia jasangarriak bultzatzeko konpromisoa dugu, elikagaien ekoizpena eta eraldaketa dibertsifikatzeko eta hurbileko kontsumoa sustatzeko". Araizek esan duenez, "azken batean, nekazaritza-politika bateratua aldatu nahi dugu, eraginkorra izan dadin eta ustiategi txikiak, familiarrak, babesteko eta mantentzeko balio dezan, kalitatezko elikagaiak ekoizten jarraitzeko eta euren bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bermatzeko. Horregatik gara kritikoak Europako Nekazaritza Politika Bateratuarekin (NPB), ez dituelako hasieran zeuzkan helburuak bete".
NPBk "ekoizpen intentsibo eta industrialei bakarrik egin die mesede, eta alde batera uzten ditu ustiategi txiki eta ertainak, hain justu kalitatezko elikagaien ekoizpena ziurtatzen dutenak, lurraldea kohesionatzen dutenak eta gure biodibertsitatea bermatzen dutenak. Gertuko ezagutzatik garatu behar dira, Nafarroan eta baita Europan ere, lehen sektorerako politika eta planak; eta EH Bildu eta Pernando Barrena dira horretako bermea", azpimarratu du Araizek.