Sakandarren %2,58k eman zuen odola

Guaixe 2024ko eka. 3a, 09:00

Jendea odol emate bilketako furgonetaren ondotik pasatzen Altsasuko Foru plazan. ARTXIBOA

Autobusean odola ematetik, herrietako eraikin publikoak odol emate puntu izatera pasa dira. Aurki herrietan aferesi emateak egiteko aukera izanen da.

Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak, Adonak, jakinarazi duenez, 532 sakandarrek odola eman zuten joan zen urtean. Haietatik odola estreinakoz eman zutenak 40 izan ziren. Emaile berri horien %42,86k 30 urtetik behera ditu. Gutxienez behin odola eman zuten sakandarrak ibarreko populazioaren %2,58 ziren. Guztira 924 odol emate egin zituzten. Odol emate gehienak herrietan egin ziren. Baina badira Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko odol bankuan eman zuenik ere. 

Herrietako odol emateko moduari aldaketa handia ekarri zion joan zen urteak. Herriz herri ibiltzen zen autobusak, autohemotekak, ez zuen Ibilgailuen Azterketa Teknikoa pasa garilean. Beraz, Adonak hura baztertzea erabaki zuen. Ordutik, odola hartzera etortzen den erizain eta mediku lantaldea furgoneta batekin joaten da herrietara. Behin herrietan, toki publiko batean prestatzen dute  odola emateko behar den guztia: medikuaren kontsulta, ohatilak, makina eta beste. Sakanan, esaterako, odola emateko guneak bihurtu dira Uharte Arakil, Lakuntza eta Arbizu udaletxeak eta Irurtzungo eta Etxarri Aranazko osasun etxeak. Altsasun bi tokitan izaten dira emateak Gure Etxea eraikinaren beheko solairuan eta Intxostiapuntako gimnasioan. Azkenik, Olatzagutian odol emaileak Sutegi gimnasiora joan behar izaten dute. 

Aferesia, aurki
Adonako elkarteko idazkari Uxua Garziandia Ojerrek azaldu duenez, "furgoneta erabiltzeak ohiko odola emateko moduaz aparte, aferesia herrietara eramateko aukera ematen digu. Makina ez zen autobusean sartzen, baina orain furgonetak makina herrietara eraman eta aferesi emateak egiteko aukera emanen digu". Garziandiak azaldu duenez, "aferesia odol emate mota berezia da. Izan ere, makinen bidez odola ateratzen da, bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio". Argitu duenez, "odola emateko teknika hori bereziki onuragarria da gaixoendako, beharrezkoak diren osagaiak odol emate arruntetan baino askoz kantitate handiagoan ateratzen direlako, eta gainera, arriskua txikiagoa delako". Garziandiak nabarmendu duenez, "emailea berdin-berdin lehengoratzen da". Orain arte aferesi emateak Iruñeko eta Tuterako odol bankuetan egin zitezkeen bakarrik. 

Emaile izateko 
Odol dohaintza egin nahi duten pertsonek Adonak herrietan dituen delegatuengana joan daiteke informazio eske. Bestela, herrian odol ematea dagoenean zuzenean emateko tokira joan eta bere nahia azal dezake. Egutegi horren berri adona.es/eu webgunean dago. Odol emaile egin behar duenak aukera du ere Nafarroako Ospitale Guneko odol bankura joateko. 

Bai azken horretan bai herrian medikuaren kontsultatik pasako da lehenik. Hark bere osasun egoerari buruzko hainbat galdera eginen dizkio. Eta osasun egoera ona badu eta baldintzak betetzen baditu odol emaile fitxa eginen dio. Odola emateko gutxieneko adina 18 urte dira.