Zegama Aizkorri mendi maratoiak irudi ikusgarriak utzi zituen maiatzaren 26an, baina bezperan Irurtzunen jokatutako IX. Ergako Kronoigoera ez zen gutxiagorako izan, jende asko bildu baitzen Ergako azken metroetan korrikalariak animatzera. La Guan taldeak antolatzen duen proba urtetik urtera erakargarriagoa da, eta aurten ere jende asko animatu zen.
La Guan kuadrillak antolatzen du lasterketa herrikoia. "Gurea etxeko lasterketa bat da, txikia, guk antolatzen dugu guztia. Beti esaten dugu gehienez 60 partaide hartuko ditugula, baina ez dugu Irurtzungo eta gertuko jendea kanpoan geratzea nahi eta, azkenean 65 korrikalarik hartu zuten irteera Irurtzungo plazatik, Ergako Trinitatera heltzeko" azaldu du La Guan taldeko Roberto Martilek, aldi berean Xotako kapitaina denak. Hala ere, jende dezente geratu zen kanpoan, "baina ulertu zuten, antolaketarako zaila baita".
Bertakoendako proba
Izan ere, proba guztiz herrikoia da Ergako Kronoigoera. Sailkapena eskuz idatzitakoa izaten da, eta denborak La Guanekoek hartzen dituzte. "Erloju bat dugu behean, bestea goian, eta biak sinkronizatuta ditugu. Horrela hartzen ditugu denborak" dio irribarrez Martilek. Ez dute euren proba lasterketa serioagoan bilakatu nahi, "inondik inora. Guk nahi duguna da Irurtzungoak eta inguruko bailaretakoak, Arakil, Imotz, Iza, Sakanako gainontzeko herrietakoak... gurean parte hartzea. Jende ezaguna aritzea oso polita da".
Korrikalarien erantzunarekin eta korrikalariak animatzera Ergara igo zen jendetzarekin "oso eskertuta eta oso pozik " daude La Guaneko kideak. "Batzuek zein besteak dira ezinbestekoak, korrika egitea bezain garrantzitsua baita jendea Ergara animatzera igotzea. Zaleek sekulako giroa sortu zuten Trinitateko azken metroetan. Zegama-Aizkorrin bezala, bide bat egin zen azken tartean, eta ikusgarria izan zen. Korrikalariak oso hunkituta zeuden, horrela korrika egitea sekulakoa delako".
Lizarrako Ander Amezketa (22:42) izan zen txapelduna, Ekhi Congil etxarriarraren aurretik (22:53). Emakumezkoetan Iruñeko Irene Artazkozek irabazi zuen, alde handiz (26:08). "Artazkozek bezperan Zegamako Km Bertikalean hartu zuen parte. eta Ergako Kronoigoeran emakumezkoen errekorra apurtu zuen". Lehendabiziko gizonezko herritarrak Aitor Martirena, Ion Urra eta Ioritz izan ziren, eta emakumezkoak Nerea Balda, Maria eta Maider Iragi. "Aurten emakumeen parte hartze errekorra apurtu zen, hamalau animatu zirelako, eta oso pozik gaude".
Auzate animatua Ergan
Proba bukatuta, bildutakoek auzate ederraz gozatu zuten Erga gainean. "Festa polita izaten da, eta giro ederra sortzen da. Trinitateko erromeria, berez, igandean izaten da, baina gazte asko ez gara igotzen, bezperan parranda egin dugulako. Horregatik antolatu genuen kronoigoera, beste modu batez Ergara igotzeko". Herrira jaitsita, 250 pertsona bildu ziren herri bazkarian. "Aurten irabazi didazu, baina ikusiko duzu hurrengo urtean nik pasako zaitut... halako komentario pila entzun genituen, denetariko apustuak. Hori da nahi duguna, proba etxekoek egitea eta bizitzea".
Datorren urtean hamargarren edizioa izango da. "Zerbait berezia prestatu beharko dugu".