Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USE) guztira 4.036 ikasle nafarrek eginen dute. Matrikulatutako ikasleetatik, 2.377 emakumezkoak dira, eta 1.659 gizonezkoak. Bestalde, hizkuntza ereduari dagokionez, guztira 3.010 ikaslek eginen dute gaztelaniaz, eta 1.026k euskaraz. Azken horien artean daude Iruñeko Biurdana Bigarren Hezkuntzako Institutuan ikasi duten sei irurtzundar eta Altsasu Bigarren Hezkuntza Institutuan ikasi duten 44 ikasle. Haietako bik nota igotzeko eman dute izena.
Ikasleek ekainaren 12an izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 20tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak garagartzaroaren 26an, 27an eta 28an izanen dira, eta emaitzak garilaren 2an egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, garilaren 18tik aurrera egonen da deskargatzeko moduan. Nafarroako ikastetxeek jada ezagutzen dute probei buruzko informazio guztia, eta Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri.
Berritasuna
Aurtengo deialdiko berritasun nagusia da estreinakoz ebaluatuko direla LOMLOEn dauden Batxilergoko modalitateetako ikasgaiak, eta 23 irakasgaitatik 32 irakasgaira pasako da. Legeak ezarritako bost modalitateetan ezarritako aukerak izanen dira USEn: Arteak, Arte Plastikoak, Irudia eta Diseinua; Arteak, Musika eta Arte Eszenikoak; Zientziak eta Teknologia; Giza eta Gizarte Zientziak eta, azkenik, Batxilergo Orokorra. Hori dela eta proben ordutegiak egokitu egin behar izan dira beste deialdi batzuekin alderatuta. Azterketa-eredua iazko bera izanen da.
Probak egitean, ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta probak egin baino lehen azterketaren egiturari eta zuzentzeko irizpideei ongi erreparatzeko. Hori guztia Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da, baita aurreko urteetako azterketak ere. Proba bakoitzak, beti bezala, 90 minutu iraunen du.
Bestalde, ikasleek gogoan izan behar dute ezin dutela ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte. Unibertsitateak ez du bere gain hartuko gailu horiek galdu edo hondatzearen gaineko ardura.
Probak nola eginen diren
USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenengoan, Batxilergo modalitate guztietako irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte. Gaztelania eta Literatura, Espainiaren Historia edo Filosofiaren Historia (bat aukeratu behar da) eta Atzerriko Hizkuntza dira, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horiez gainera, beste proba bat ere eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgai bati dagokiona.
Behin probak eginda, azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.
Borondatezko fasean, gehienez ere hiru irakasgairen azterketak egiten ahal ditu ikasleak, irakasgai hauen artean: nahitaezko fasean azterketa egindakoa ez den Espainiako Historiako edo Filosofiaren Historiako irakasgai komuna; edozein modalitatetako nahitaezko irakasgai espezifikoak, nahitaezko fasean azterketa egindakoak ez direnak, berdin ikasiak diren edo ez; Batxilergoko bigarren mailako edozein modalitatetako irakasgai espezifikoak, berdin ikasiak diren edo ez; edo atzerriko hizkuntza bat (frantsesa, ingelesa edo alemana), nahitaezko fasean aukeratutakoa ez dena, berdin ikasia den edo ez.
Azterketa egutegia
Garagarrilak 4, asteartea
09:30 Gaztelania eta Literatura II.
12:00 Espainiaren Historia.
16:00 Filosofiaren Historia.
18:30 Ingelesa.
Garagarrilak 5, asteazkena
08:30 Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek)
11:00 Matematika II, Latina II, Musika Analisia II eta Marrazketa Artistikoa II.
15:00 Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II, Zientzia Orokorrak eta Arte Eszenikoak II. 17:30 Alemana eta Frantsesa.
Garagarrilak 6an, osteguna
08:30 Fisika, Diseinua, Geografia eta Musikaren eta Dantzaren Historia.
11:00 Biologia, Artearen Historia, Marrazketa Teknikoa II eta Oinarri Artistikoak.
15:00 Kimika; Adierazpen Grafikoko Teknikak; Plastika; Enpresa; Negozio Ereduen Diseinua; Korua eta Ahots Teknika II.
17:30 Geologia eta Ingurumen Zientziak; Mugimendu Kultural eta Artistikoak; Greziera II; Teknologia eta Ingeniaritza II; Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa II eta Literatura Dramatikoa.