Arregiri eta Imazi biktima aitortza

Guaixe 2024ko mai. 31a, 13:22

Josu Imaz Prim ezkerrean, Txaro Arregi Marin eskuinean. NAFARROAKO GOBERNUA

19/2019 Foru Legearen babesean aitortutako lehen hamabi biktimak aitortzeko eta erreparatzeko ekitaldi publikoa egin zen maiatzaren 30ean, ostegunean. Funtzionario publikoen eta eskuin muturreko taldeen indarkeriazko ekintzei buruzko testuinguru biktimiologikoari heldu zitzaion.

Nafarroako Gobernuak antolatuta, Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria buru zela, eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen ekintzek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko ekitaldi publikoa egin zen Iruñeko biltzar jauregian. Ekitaldian, biktimez gain, biktimen espediente eta eskaerak aztertzen ari diren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideek ere parte hartu dute, senideekin eta inguru hurbilenarekin batera. Hainbat erakundetako ordezkariak ere izan ziren, esaterako: Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Udal Eta Kontzejuen Federazioa, Arartekoa, unibertsitateak, sindikatuak, giza eskubideen arloari lotutako elkarteak eta abar. 

Ollo lehendakariordeak pertsona horiei adierazi zienez, "hau iraganean kalte eta indarkeria bidegabea eta justifika ezina jasan duzuenendako errekonozimendu eta erreparazio ekintza bat da. Ekintza honen harira, Gobernutik onartzen dugu kalte hau orainaldian onartuz soilik eraiki ahal izango dela gizarte benetan demokratikoa eta baketsua etorkizunean. Badakigu errekonozimendu hau berandu datorrela eta zuendako, osatu gabeko moduan gainera. Eta zauri horiek ixtea zaila bada ere, espero dut ekitaldi honek luze itxarondako errekonozimendu eta konponketa horretan lagunduko duela".

Lehendakariordeak esan zuenez, "Nafarroako Gobernuak ikuspegi integral batetik, parekatzetik eta diluziorik gabe aurrera egiten du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, euren testuinguru biktimologiko desberdinak kontuan hartuta eta bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko eta giza eskubideen errespetuan eta indarkeria ororen deslegitimazioan oinarritutako gizarte baketsu baten eraikuntzaren aldeko apustu globalaren barruan".  


Ana Ollo Hualde kontseilaria hizketan.

Erakundeen, elkarteen eta biktimen parte-hartzea
Gogoa Foroko kide eta 2021eko Bakearen Nazioarteko Eguna saridun Guillermo Mugicak ekitaldian esan zuenez, "Memoria eta Bizikidetza ez dira ondo etorritako bikotea soilik, aitzitik ondo ezkonduta eta joan-etorriko bidean daude. Lehenik eta behin, Memoria behar eta nahi dugu elkarrekin bizitzeko, eta, aldi berean, Memoriadun Bizikidetza bat behar eta nahi dugu"

Mikel Arregiren arreba Txaro Arregik esan zuenez, "orain arte erabat gutxietsi gaituzte instituzioek, bai Nafarroakoek bai estatukoek". Gogoratu zuen guardia civilek anaia hil ziotenetik 45 urte pasa direla. Gogoratu zuen egin zen epaiketa bidegabea izan zela. "Pena handia" zuela adierazi zuen, "batez ere gurasoengandik, aitortza iritsi gabe hil zirelako. Arindu ederra litzateke haiendako". Arregik, gainera, bere bikotekide Josu Imaz ere gogoan izan zuen, torturak jasan eta funtzionario publikoen eta eskuin muturreko taldeen indarkeria pairatzeagatik biktima aitortza jasotakoa. 

Zabalzak egin behar izan duten borroka eta bizi izandako frustrazioaren laburpena egin. Bere anaia torturapean hil eta Bidasoara bota zutela esan zuen. Gaineratu zuenez, "urte luzeak izan dira ilunpean, eta iritsi da aurrerapauso inportante hau". Zabalzak Sekretu Ofizialen Legea desagerrarazteko eskaera egin zuen, "benetan argitzeko zer gertatu zen eta asebetetzea erabatekoa izateko". Pena adierazi zuen gurasoek aitortza ekitaldia bizi ez izanagatik. "Espero dut ekitaldia jarraipena duen prozesu bat izatea", adierazi zuen Zabalzak. 


Txaro Arregi Marin ekitaldian hizketan.

Josu Irañeta, Torturaren Sareko kidea eta funtzionario publikoek eragindako indarkeria fisiko eta psikologikoaren biktima. Esan zuenez, "urte gehiegitan ikusezinak izan gara. Aitortza hau ez dut niretako sentitzen, baizik eta Nafarroa guztiarendako, eta Estatuaren biktima guztiendako". Gaztigatu zuenez, "ehunka torturatu adi-adi daude". Berak bizitako torturak ez dizkiola inori opa esan zuen. 

Fermin Ilundainek, balaz zauritua 1978ko Sanferminetan, German Rodriguezen hilketaren lekuko izan zen. Esan zuenez, "niri aitortza honek pertsona gisa laguntzen nau, eta uste dut gizarteari ere, elkar errespetatu ahal izateko". Bidea egiteko dagoela gaineratu zuen: "zergatik gertatu zen argitzeko. Aitortzak ate irekia izatea nahi dugu: orduan ez bezala, orain iker ditzatela gertakariak, agiriak desklasifika daitezela, justizia egin dadila, eta egindako kaltea errepara dadila". 

Erakundeak
Jarraian, Martin Zabalza Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko presidenteak kide guztien lana eskertu zuen, izan ere, legeak ezarritako eginkizunak “autonomiatik eta erabateko independentziatik” bete baitituzte, “objetibotasunez, profesionaltasunez, osotasunez, inpartzialtasunez, konfidentzialtasunez eta ordenamendu juridikoaren menpe".

Batzordearen lanari balioa emateaz aparte, bere esanetan Nafarroan egiten ari den errekonozimendu eta erreparazio prozesu hori guztia "Giza Eskubideen unibertsalizazioan eta bidezko bake baten sendotzean oinarritutako bizikidetza demokratikorako guneak eraikitzeko nazioko eta nazioarteko jardunbide onaren adibide izan daiteke, eta, batez ere, gizartearen gehiengoak partekatzen duen desio baten adibidea: hainbeste min eragiten duten ekintza ankerrak ez errepikatzea".


Martin Zabalza ekitaldian hizlari.

Azkenik, Ana Ollo lehendakariordeak biktimen ekarpenak eskertu zituen. "Oso ondo ezagutzen duzue erakundeen ahanzturak, zuen biktimizazioa ikusiezin bihurtzeak eta desmemoriak dakarren birbiktimizazioak zer esan nahi duten. Urte askotan zehar Nafarroako erakundeak zuen minari bizkarra emanda bizi izan garelako". Hori dela eta, lehendakariordearen hitzetan, egun hau “oso egun garrantzitsua da, non biktimen egia, zeuon egia, gaur aitortzen duguna den. Egia horrek bere bidegabekeriaren eta duintasunaren berrezarpenaren aitorpen esplizitua jaso behar ditu".

Gaineratu zuenez, "zuen sufrimendu-istorioek guztiok inplikatzen gaituzten gaiei buruzko hausnarketa-elementuak ere eman diezazkiguke. Eta, horrela, demokrazia sendoago eta bizikidetzarako espazioak sortzeko gai izango den demokrazia baten oinarriak ezartzeko bidea. Betiere giza eskubideen eta duintasunaren errespetuan oinarrituta, helburu politikoak dituen indarkeria oro arbuiatuz eta deslegitimatuz". 

Ildo horretan, lehendakariordeak dei egin bat egin zuen "herritarren eta erakundeen arteko kontratu soziala indartzeko, ezartzeko eta sendotzeko. Eta hori egungo testuinguru konplexuan egin behar da, ulertuta egia, justizia eta biktimen erreparaziorik gabe ezin dela eraiki edo mantendu aurre egin beharreko erronka guztiak gainditzeko gai den demokrazia". Esan zuenez, “Memoriarik gabe ez dago etorkizunik".


Ekitaldiko une bat.

Lanean 
Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak lanean jarraitzen du legean ezarritakoaren arabera, eta gutxienez beste hirurogei espediente jorratzen ari dira, errekonozimendua eskatzen duten kaltetuen ekimenari jarraiki . Espediente horiek bere dinamika administratiboaren barruan ebatziko ditu, eta Legebiltzarrari urteko txostena eta memoria bidaltzea ere barne hartzen du. 

Arauak zehazten duenez, "foru lege honen eremu subjektiboan aipatzen diren pertsonek sustatu eta aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Baita foru lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren gertaeren berri zuzenean eta zorrozki izan duten pertsonek edo erakundeek ere".