Txirrindularitza

Nafarroako txapeldun bat, bi txapeldunorde, eta brontzezko bi

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 3a, 12:30

Iker Gomez, Nafarroako txapelduna, ahalegin betean. UTZITAKOA

Iker Gomezek junior mailako txapelketa irabazi zuen, Adrian Martinez afizionatuen mailako txapeldunordea izan zen, Luca Martinez kadeteen mailako txapeldunordea, eta Ekain Imaz eta Erik Laiglesia podiumeko hirugarren kutxara igo ziren

Txirrindulari sakandarrek sekulako maila eman zuten ekainaren 2an Vianan jokatutako Nafarroako Erlojupeko Txapelketan. 

Lehiatzen lehenak 23 urtez azpiko eta elite mailako afizionatuak izan ziren. 20,5 km zituzten aurretik. Ibai Azanza (Finisher) izan zen azkarrena eta Nafarroako txapelduna (26:56). 37 segundo gehiago behar izan zituen Adrian Martinez lakuntzarrak (Laboral Kutxa). Emakumekoetan Carlota Perurena (Vipeq Team) gailendu zen, eta Nahia Imaz altsasuarrak (Team Zatika Bike) ezin izan zuen proba bukatu. 

Junior mailakoek 15,7 km-ko distantzia osatu zuten. Gizonezkoetan, Iker Gomez altsasuarraren (Quesos Albeniz) eta Iker Villarren (Robert Innova) artean erabaki zen txapelketa, eta altsasuarrak beste garaipen bat bildu zuen bere zakura, azkarrena izan baitzen (20:21), Villarri 4 segundo aterata. Ekain Imaz (GT Tolosa) hirugarren sailkatu zen, 52 segundora. Emakumezkoetan Paula Ostizek (Baque Team) ez zuen areriorik izan (22:41). 2:46 minutu atera zizkion Marta Pelayori (Ecologicos Navarra-Beratxa). Lehen sakandarra Ane Beltran de Heredia altsasuarra izan zen (Timac Agro-Lacturale). Podiumera igotzear egon zen, laugarrena izan baitzen, 3:18ra. 

Azkenik, kadeteetan ordezkaritza zabala izan genuen. 8,7 km-ko gizonezkoen erlojupekoa estu-estua izan zen, baina azkenean Joanes Olaizola (Zu eta Biok) gailendu zen (12:37) Luca Martinez lakuntzarraren aurretik (Sakana Group-Alea), biak denbora berean. Hirugarren Erik Laiglesia sailkatu zen (Sakana Group-Alea, 25 segundora. Emakumezkoetan, Sofia Azanza (Izozmendi Team) izan zen txapelduna (15:19). 

Bezperan juniorrak Galarren
Nafarroako Erlojupeko Txapelketako bezperan, Galarrek XIX. Miguel Uriz Oroimenezkoa hartu zuen, aldi berean Nafarroako Iraupenezko Txirrindularitza Txapelketa izan zena. Lasterketa borrokatuan Iparralde taldeko Xabi Sasco gailendu zen (2:17:33), Iker Villarren (Robert Innova) aurretik (2:17:43). Eñaut Oiarbide laugarren sailkatu zen, hirugarren nafarra (2:18:07). Ekain Imaz zortzigarren sailkatu zen, Iker Gomez hamargarren (mendiko sailkapena irabazi zuen), Ekaitz Perez 22., Iker Begiristain 25. eta Mikel Viloria 30.