Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzarekin adostu ondoren, garagartzaroaren 9an, igandean, asteko atsedenik ez duten besteren konturako langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartu ditu foru administrazioak. Igandean lan egin behar duten langileek Europako hauteskundeetan botoa emateko aukera errazteko araudia onartu du.
Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak
- Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordu baino gutxiago arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindutako eskubiderik.
- Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.
- Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.
- Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.
Garagartzaroaren 9an ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko, norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izan dezan, alegia, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita dagoena. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpide berberak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.
Kasu horietan guztietan, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileen kasuan, beren lanaldia ohikoa baino laburragoa baldin bada, baimenaren iraupena murriztuko da langileak duen lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera.
Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak banatzea egunean zehar.
Hauteskunde-mahaietako kide, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua
Hauteskunde-mahaietako lehendakari edo bokal diren langileek, baita artekariek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Atal honetan aipaturiko langileek lan egin beharra baldin badute hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan, enpresak, interesdunak eskatuta, txanda aldatu beharko die, hauteskunde-egunaren aurreko gauean atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.
Azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, botoa eman izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.