Jakiundek (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia) antolatzen duen Jakin-mina programa aurten Nafarroako 14 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako 4. mailako 67 ikaslek (62 neska eta 15 mutil) parte hartu dute. Horien artean zeuden Andra Mari ikastolako bost ikasle eta Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko beste bi. Hego Euskal Herriko ikasleei zuzenduta dagoen programa horrek ikasleen garapen intelektuala eta pertsonala bulkatzea du helburu, adituek emandako hitzaldi eta erakustaldien diziplina anitzeko programa baten bidez.
Ikasturte honetan Jakin-mina programa hainbat diziplinatako bost hitzaldik osatutako ziklo bat izan da, ikasleek hitzordu bat izan dute hilean behin, azarotik martxora. Hitzaldi horiek beren ezagutza-arloko adituek eman dituzte, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Ekimenak aukera ematen die ikasleei azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeko, bai ikerkuntzari dagokionez, bai hainbat arlotako egungo joerei dagokienez. Jakin-minaren bitartez, ikasleak errealitate zientifiko, artistiko eta literarioarekin harremanetan daude. Aurkezpena dinamikoa eta parte hartzailea da, eta, ondoren, galdera tartea eta hizlarien eta gazteen arteko eztabaida. Sakanako parte hartzaileak Iruñeko saioetara joan dira.
Kontseilariak esandakoa
Jakiundek antolatzen duen programa, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatzen dute. Ziurtagiri banaketa ekitaldian Patricia Fanlo Mateo kontseilariak nabarmendu du emakumeen parte-hartze handia, mutilena hirukoiztuz, eta nabarmendu du zifra horiek "Nafarroako Gobernuak emakumeen artean STEM bokazioak sustatzeko egindako politiken arrakastaren erakusgarri" direla. Era berean, Fanlok gogorarazi du Foru Gobernua lanean ari dela lehen STEM Plana egiteko, hain zuzen ere diziplina zientifiko-teknologiko horiek gehiago bultzatzeko, bereziki emakumeen artean. "Ezin ditugu herritarren % 50 alde batera utzi, zientzia errealagoa eta berdintasunezkoagoa zientzia hobea baita", adierazi du.
Ekitaldian Jakiundeko idazkari Jakeline Barker, Jakiundeko presidenteorde eta Nafarroako Unibertsitateko Bromatologia eta Nutrizioko katedradun Iciar Astiasarán eta Nafarroako Kutxa Fundazioko Kultura eta Gizarte Arloko zuzendari Irantzu Vazquez ere izan dira.