EH Bilduko Iruñeko zinegotzi Zaloa Basabek esan duenez, “EH Bildu harresi da, eta izango da, eskuin muturrarendako. Euskal Herrian bezala, Europan ere EH Bilduri emandako botoak eskuin muturrari aurre egiteko eta balazta jartzeko botoak izango dira, hauteskunde hauetan ultraeskuina arrisku erreala delako”. Basabek nabarmendu duenez, “urteetako borrokei esker lortutako eskubide asko eta asko, emakumeen eskubideak ere bai, arriskuan daude orain, eta ezin dugu holakorik onartu”.
Koalizioko kideak azpimarratu duenez, “aukera izan duen guztietan, eskuin muturrak oso argi erakutsi du gobernuetara iritsi bezain laster emakumeon autonomia eta erabakia errespetatzearen kontra egiten duela”. Eta Polonia adibide gisa jarri du. “Han abortua debekatu zuten, eta emaitza ikaragarria izan da, politika horren ondorioz emakume ugari hil direlako abortu praktika desegokiengatik edo osasun arreta faltagatik”.
Basabek esan duenez, EH Bilduren “konpromisoa argia bezain irmoa da: abortatzeko eskubidea eta emakumeok gure gorputzen gainean erabakitzeko dugun gaitasuna bermatuko dugu Europan ere. Europa mailako elkartasun sare bat eta mugimendu feministaren babesa eta aitortza sustatuko ditugu, emakume orok haurdunaldia doan eta modu seguruan eteteko aukera izan dezan, hala erabakitzen badu”.
Oihana Etxebarrieta hautagaiak esan duenez, “mugimendu feministaren eskutik, beti bezala, indarkeria matxistaren kontrako borroka ere gure jardunaren erdigunean ipiniko dugu, gaur egun indarkeria matxista ordena politikoko lehen mailako arazo bat delako, eta guk hala tratatuko dugu”. Gaineratu duenez, “indarkeria matxistaren negazionisten aurrean, indarkeria honen biktimak aitortu eta erreparatzeko bideak jorratuko ditugu”.
Etxebarrietak nabarmendu duenez, “emakumeak ez ezik, LGBT+ pertsonak ere eskuin muturraren gorroto mezuen eta politiken biktimak dira. Herri batzuetan atzera egin dute pertsona hauen eskubideen aitortzan, eta, hein berean, gora egin du indarkeria LGBT+fobikoak. Ultraeskuina jarrera horiek hauspotzen ari den bitartean, EH Bildutik LGBT+ pertsonak ikusgarri eta eskubidedun egiten dituen politikak sustatuko ditugu, eta LGBT+ mugimendua egiten ari den lana aitortuz, pairatzen dituen eraso guztiei aurre egiteko mekanismoak landuko ditugu berarekin batera”.