Aizkora

Urrestillan erabakiko dira txapeldunak

Guaixe 2024ko eka. 6a, 12:00

Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusuak, Sakanako Herri Kirol Egunean. Batak edo besteak jantziko du 23 urtez azpiko Banakako txapela.

XXVII. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finalak Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatuko dira ekainaren 9an. Oier Mitxelenak, Jon Erdoziak eta Aritz Oiarbidek dute txapela janzteko aukera

Urrestillako Txikuri pilotalekuak XXVII. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finalak hartuko ditu ekainaren 9an, igandea, 17:45ean. Urrezko mailan Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta lehiatuko dira, eta kategoria txikiagoetan sakandarrek txapela janzteko aukera izango dute. 

23 urtez azpiko txapela, Etxarrira
23 urtez azpiko finala Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrek jokatuko dute. Senideen arteko borroka estua espero da, eta gauza bakarra da argi dagoena: txapela Etxarri Aranatzera helduko dela. 

18 urtez azpiko finala Oier Mitxelena altsasuarrak eta Unai Etxeberria “Osinalde”-k jokatuko dute. 

Aipatutakoez gain, 16 urtez azpikoen finala jokatuko da, eta Juan Iguaran Oroimenezko Harri Jasotze desafioa, 103 jasoaldi 125 kiloko harriarekin.