Errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak daude

Guaixe 2024ko eka. 10a, 09:30

Jarduerarik eta errotulurik gabeko merkataritza lokala.

Merkataritza eta ostalaritza establezimenduek eta elkarteek jaso dezakete Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntza. 

Errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa euskaraz jartzen dituztenek dirulaguntza eskatzeko aukera dute. Izan ere, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak horretarako deialdia egin du, eta horretara aurten 1.500 euro bideratu ditu. Laguntzei dagokienez, euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren %80 ordainduko zaio. Gehienez 500 euro emanen zaizkio. Euskaraz eta erdaraz idatzita dagoen errotulua jartzen duenari %40 ordainduko zaio. Gehienez ere 250 euro. Azken kasu horretan, betiere elebitasun pizgarriaren irizpidea erabili beharko du, hau da, euskarazko testuak tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik izanen du lehentasuna. 

Euskarazko errotulazioa egin eta dirulaguntzan interesa duenak, eskabideak aurkezteko epea lastailaren 31ra arte du. Eskabide ofiziala beteta aurkeztearekin batera, honako agiriak ere aurkeztu beharko ditu: IFKren kopia; fakturaren kopia, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitartekoa izan beharko du; errotuluaren argazkia; aitorpena, helburu honetarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. 

Deialdiaren inguruko zalantza edo esatekoren bat izanez gero, Sakanako Mankomunitateko bulegoetara jo, euskara1@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera idatzi edo 948 464 840 telefono zenbakira hots egin behar da. 

Baldintzak
Eskatzaileek bete beharreko baldintzak ere zehaztu dituzte Mank-en. Esaterako, dirulaguntzak kartel edo elementu bakoitzari aplikatuko zaizkio. Bestetik, ez dute dirulaguntzarik hartuko bakarrik izen-abizenak edo toponimoak dituzten errotuluek, ezta gaizki idatzita daudenek edo oker gramatikalak dituztenek ere. Aldi berean, eskatzaileak Mank-ekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea ezinbestekoa da laguntza jasotzeko. Bukatzeko ibarreko erakundetik gaztigatu dutenez, itzulpen eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die errotuluak euskara jarri nahi dutenei. Doako zerbitzua da.