Euskara ikastearen kostua txikitzeko laguntza

Guaixe 2024ko eka. 13a, 09:00

Euskara ikasten Itsasi euskaltegian. ARTXIBOA

Euskalduntzen edo alfabetatzen ari diren sakandarrak dirulaguntza eskatzeko aukera dute. Eskabideak irailaren 30ra arte aurkez daitezke.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, joan zen urteko irailaren 1etik aurtengo agorrilaren 31ra arte euskara ikasi edo alfabetatu direnek dirulaguntza eskatzeko aukera dute. Laguntza, betiere, egindako ikastaroen matrikularen ordainketa errazteko izanen da, ez kilometrajea pagatzeko. Euskara Zerbitzuak diruz lagunduko ditu ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta informatika bidezkoak, C2 mailakoak barne. Deialdi horretatik kanpo geldituko dira ikastaro teknikoak eta Mank-eko langileek egindakoak ere. Euskara Zerbitzuak 25.000 euro ditu aurten euskara ikasleen artean banatzeko. Dena den, dirulaguntzen onuradunek ezin izanen dute 750 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso.

Eskabide ofiziala beteta aurkeztearekin batera, honako agiriak aurkeztu behar dira: eskatzailearen nortasun-agiriaren kopia; erroldatze-ziurtagiria, eskatzailea noiztik dagoen udalerri horretan erroldatuta agertu beharko da; euskaltegiak eginiko ziurtagiria asistentziari edo aprobetxamenduari dagokionez eta matrikula ordaindu izanaren agiria; helburu horretarako eta epe berbererako Euskarabideari edota Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari egindako dirulaguntza eskae(ra)ren kopia(k) eta aitorpena, helburu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. 

Dirulaguntza jaso ahal izateko euskara ikasleek diruz lagundutako ikastaroaren %80an parte hartu behar du. Gainera, Sakanan erroldatuta egon behar du eta Mank-ekiko zerga-betebeharrak ordainduta izan behar ditu.