Bigarren kulturen arteko zikloa bukatu da. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak, Irurtzungo eta Arakilgo Udalek, Sakana Harrera Haranak, Irurtzungo Emakume Taldeak eta beste zenbait eragilek antolatu zuten. Anitzarteaneko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek azaldu duenez, zikloa "oso baikorra, positiboa eta pozgarria. Erabat parte hartzailea izan da dena, prozesu osoan". Gogoratu du zikloa lau ekimenez osatu dela: Senegalgo eskola baten aldeko elkartasun azoka, Satrustegiko sendabelarrak ezagutzeko irteera, kulturen arteko elkartasuna ehuntzen ekimena (Atakondoa ikastetxeko hainbat jantzi josten hasi ziren) eta munduko arrozak.
Zestauk esan duenez, zikloan "inoiz baino jende gehiago izan da, bai antolaketan, bai parte hartzen. Inoiz baino aniztasun eta aberastasun gehiago". Horrek ekarri du "neurri handi batean helburuak betetzea, hau da, Irurtzunen eta Arakilen dagoen aniztasuna plazaratzeaz aparte, elkar ezagutzatik harago, batzuetan elkarrekin hartu-emanak sortzea, edo sendotzea".
Kulturen arteko zikloa elkartasunekoa ere izan dela nabarmendu du gizarte hezitzaileak: "oso zapore gustagarria eta gozoa utzi digu". Azaldu duenez, ekimen guztietan Palestina presente egon da. Gaztigatu duenez, "ereindako" elkartasunaren fruituak ikusteko "pixka bat itxaron beharko dugu oraindik". Jakinarazi duenez, Jerejef elkarteak apirilaren 13ko azokan jasotakoarekin Senegalgo eskolan eginen duenaren berri urte akaberan edo berriaren hasieran emanen du. Irurtzungo plazan elkartu ziren jostunen lana, berriz, azaroan edo abenduan izanen da ikusgai. Zestauk "zikloa posible egin dutenei eskerrak" eman dizkie, eta, dagoeneko, hirugarren zikloa prestatzen ari direla jakinarazi du.
13. munduko arrozak
Irurtzungo plazako arkupean hamahiru su piztu ziren larunbatean. Haietan jakiak prestatzen aritu ziren goizean zehar eta eguerdia pasata hurbildu ziren irurtzundarrei dastatzera eman zieten. Zapore festa ederra eskaini zuten Senegal, Irurtzun, Bielorrusia, Pikuxar, Errumania, Maroko, Atakondoa, Cali, Bolivia, Gambia, Ekuador eta Valentziako sukaldariek. Lehen plater gisa prestatutako arroza, postrerako egindakoa, eta bestelako jakiak dastatzeko aukera eskaini zuten sukaldariek. Parte hartzaileen artean Maroko, Ekuador eta Valentziar jatorria duen koadrila irurtzundar bat zegoen. Bakoitzak bere sorterriko jaki bana prestatu zuen, lagun artean.
Goiza ilun esnatu zen, eta haimaren azpian aterpe hartu zuten txapa tailerrean parte hartu zutenak. Baina goizak aurrera egin ahala atertu eta eguzkia atera zen. Trikitilarien txanda izan zen orduan. Haiek alaitu zuten sukaldarien jardunaren azken uneak. Baita plazara gerturatutako jende guztia ere.
Parte hartzaileak
Constance Ndiayea
Zer prestatu duzu?
Senegalgo jaki bat: arroza arrainarekin prestatu dut. Woloferaz thieboudienne izena du, arroza (thiebou) arrainarekin (dienne). Platera egiteko edozein arrain erabili daiteke: urraburua edo dorada, legatza... Arroza lurrunean egosi dut lehenik. Bestetik, arraina eta lekaleak egosi ditut, berezi, eta gero dena platerean batu dut.
Jaki hori jateko egun berezirik dago?
Ez, Senegalen egunero jaten da thieboudienne. Familia elkartu, eta bazkaltzera.
Zergatik parte hartu duzu?
Hemen bizi naizenez, senegaldarra naizenez, Begoña Zestau Baraibarrek parte hartzeko gonbidapena egin zidan. Aurretik nire izebak parte hartzen zuen, gaur egun alabarekin Iruñean bizi dena. Senegaldar gisa hemen bakarrik nago parte hartzen, eta Senegaleko zerbait erakusten.
Aurretik parte hartu izan duzu?
Hamargarren urtea da parte hartzen dudana. Bezperan haurraren klaseko ama batzuk galdetu zidaten ea parte hartu behar nuen. Baietz esan nien. Etorri dira.
Amina Lakhel El Harfauoi
Zer prestatu duzu?
Kus-kusa prestatu dut, behikia, azenarioa, tipula, tomate, perrexila eta barazki pila bat gehiagorekin. Dena batera prestatzen da, baina antolatuta. Aurrena Kus-kusa jartzen dugu eltzean, ondoren haragia eta, azkenik, barazkiak. Prestatzen ordu eta erdi eman dut.
Jaki hori jateko egun berezirik dago?
Marokon ostiraletan (egun garrantzitsua Islamean) denek prestatzen eta jaten dute kus-kusa. Familia guztia elkartzen da.
Zergatik parte hartu duzu?
Jendeak jakin dezan kus-kusa nola prestatzen den. Jendeak ere galdetzen du nola egin dudan.
Aurretik parte hartu izan duzu?
Beti parte hartzen dut.
Soraida Teran Alvarado
Zer prestatu duzu?
Boliviako ohiko arroz bat, majadito hots egiten diogu. Abelburuaren haragi lehortua, piper gorriak eta berdeak, baratxuria, tipula eta haragiarekin prestatutako salda du. Baina hemen halako saldarik ez dudanez, oilo salda erabili dut. Aurrena haragia prestatzen dugu, ondoren barazkiak eta, azkenik, arroza. Majaditoa arrautza eta ondutako platano macho frijituekin zerbitzatzen da.
Jaki hori jateko egun berezirik dago?
Egunero jan daitekeen plater bat da majaditoa. Ohiko plater bat da, eta ez zara jateaz aspertzen. Baina hemen noizean behin jateko luxua dugu. Bolivian bai, osagaiak eskura ditugunez, erraz asko presta dezakegu. Hemen baten bat opatzea kostatzen da.
Zergatik parte hartu duzu?
Batez ere une eder bat pasatzeko, eta jendeak ere nire kultura ezagut dezan, Boliviatik zerbait ezagut dezaten: zer jaten dugun, nola eta abar. Jendeak prestatzeko moduaz galdetu dit.
Aurretik parte hartu izan duzu?
Bigarren aldia da parte hartu dudana. Espero dut gehiagotan parte hartzea.
Ramatta Den Balde
Zer prestatu duzu?
Gambiako ohiko arroz bat prestatu dut: maffe gerte hots egiten da (gerte kakahuetea woloferaz). kakahuete krema, tomatea, haragia eta barazkiak ditu. Horiekin salsa bat egiten da. Eta bestetik arroza prestatzen da. Saltsa arrozaren gainean jarrita zerbitzatzen da.
Jaki hori jateko egun berezirik dago?
Gambian gehien bat arroza jaten dugu, ia egunero. Irurtzunen ere, baina beti aldatzen dugu.
Zergatik parte hartu duzu?
Parte hartzea gustatzen zait. Gambiako ohiko jakia prestatu dut eta harekin parte hartzea gustatzen zait, oso dibertigarria da. Gambia pixka bat ezagutarazteko.
Aurretik parte hartu izan duzu?
Bai. Jendeak galdetzen du nola prestatu dudan eta azalpenak ematen dizkiet.
Dounia Berrad
Zer prestatu duzu?
Maroko jaki berezi bat prestatu dut: seffa. Fideoak dira. Plater gozoa da, azukre hautsa eta kanela dituena. Fideoak lurrunetan egosten dira, azken momentuan gurina, azukre hautsa eta kanela botatzen zaie. Azkar prestatzen da. Zuendako postre itxura du, guretako plater bat da.
Jaki hori jateko egun berezirik dago?
Festa bereziren bat dugunean prestatzen dugun plater bat da.
Zergatik parte hartu duzu?
Koadrilarekin parte hartzen ari naiz. Gustatzen zait. Eta jendeak ikus dezan Marokon zer jaki desberdinak ditugun. Jendeak asko galdetu dit.
Aurretik parte hartu izan duzu?
Bigarren aldia dut, oso ongi pasa dut.
Cristina Tabi
Zer prestatu duzu?
Oilasko eta ganba zebitxea. Osagaiak dira: tipula morea, tomatea, frijitutako tomatea, limoia, laranja, martorri edo zilantroa eta olio pixka bat. Aurrena oilasko bularki prestatzen da, hoztean dadotan mozten da. Ur bera erabiliko dugu ganba prestatzeko, punttuan. Hozten utzi. Hotza dagoenean guztia nahasten dugu, eta oilaskoa eta ganbak prestatzeko erabilitako salda botako diogu eta frijitutako tomatea, olioa eta martorria gehituko ditugu. Eta prest dago. Arroz pixka batekin zerbitzatu daiteke, edo krispeta gutxi batzuekin... Ekuadorren arto xigortuarekin ere. Xigortua izena ematen diogu, erdi eginda dagoenean jasotzen da eta olio pixka batekin frijitzen da. Ez dut ekarri lortzea zaila baita.
Jaki hori jateko egun berezirik dago?
Ni Otavalokoa naiz, mendikoa, eta produkturik lortu ezin izan dudanez, Ekuador kostaldeko jakia prestatu dut. Eguraldi onarekin, biharamunari aurre egiteko, oso ona da.
Zergatik parte hartu duzu?
Bazter guztietako koadrila bat elkartu gara: espainiarrak, marokoarrak, ekuadortarrak. Bakoitzak sorterriko jaki bat prestatzea erabaki dugu. Lagun batek parte hartzera animatu gintuen. Aukera oso ona zen herrian gure burua ezagutarazteko, jendeak bestelako gastronomiak ezagutzeko, giro ederra sortzen delako erabaki dugu parte hartzea.
Aurretik parte hartu izan duzu?
Joan zen urtean estreinakoa izan genuen. Eta esperientzia ona izan zenez, errepikatu dugu. Pozik.