Bosgarrengo aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, eta bertako kide diren udalek. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, aurreko urteetan bezala. Hilaren 8tik iraila erdialdera izanen da kanpaina.
UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere Bertatik Bertara kanpainaren sustatzaileek. Horretarako, bisitariendako eta zerbitzu sektoreko arduradunendako eta langileendako hainbat baliabide prestatu ditu, eta garagarrilaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak (300.000 ale), zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Aurten, gainera, estreinakoz, turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.
UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei ekimenaren berri eman diete. Arruazu, Lakuntza, Arbizu eta Bakaikuren kasuan posta arruntez jaso dute informazioa. Etxarri Aranatzen, berriz, udala arduratu da informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.
Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz dago hiztegia. Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren osagarri.