Kontuen Ganberak Nafarroako despopulazioari buruz argitaratu duen txostenaren arabera, azken hogeita hamar urteotan, 1992 eta 2022 urteen artean, Nafarroako biztanleria %27 hazi da, eta, aldi berean, udalerrien erdiak baino gehiagok (%56) biztanleria galdu dute. Populazioa galdu duten udalerri horiek 5.000 biztanle baino gutxiago dituzte. Gaur egun, Nafarroako 166 udalerrik dute despopulatze arriskua, guztien %61. Arrisku handien duten eremuak Pirinio, Pirinio aurreko, Zangozako eta Lizarrakoak dira. Baina Sakana ez da despopulazioaren fenomenotik bazter gelditzen.
Txostena egin dutenek Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako despopulazioari buruz 20121ean egindako lanari erreparatu diote, eta ikusi dute despopulazio zerrenda horretara udalerri batzuk sartu eta beste batzuk atera direla. Zerrendatik atera den udalerrietako bat Arakil da. Baina Sakanako beste zazpi ditugu oraindik zerrenda.
Despopulazio arriskua bost mailatan sailkatu dute. Lehenengoan despopulatzeko muturreko arriskua duten udalerriak daude (8 biztanle/km2 edo gutxiagoko populazio-dentsitatea). Maila horretan ez dago Sakanako herririk. Bigarren maila da despopulazio-arrisku bizia duten udalerriena. (8 eta 12,5 arteko bizt./km2 populazio-dentsitatea). 2021eko txostenean bezala aurtengoan ere Ergoiena dago maila horretan. Despopulazio arrisku handia duten udalerriak daude hirugarren mailan (12,5 eta 25 arteko bizt./km2 dentsitatea, eta biztanleria gutxitzea 1989tik 2022ra). Aurreko txostenean bezala, oraingoan ere maila horretan daude Uharte Arakil, Arruazu eta Ziordia. Laugarren mailak gainbehera bizia duten udalerriak hartzen ditu, eta ez dago Sakanako udalerririk (biztanleria %15 edo gehiago murriztea 1989tik 2022ra eta 25 bizt/km2-tik gorako biztanleria-dentsitatea). Eta, azken mailan, gainbehera ertaina duten udalerriak hartzen ditu. (biztanleria %15etik behera murriztu zen 1989tik 2022ra eta 25 bizt./km2-tik gorako biztanleria-dentsitatea). Aurreko txostenean hor zeuden Bakaiku eta Urdiain. Eta orain Olatzagutia batu zaie, gainbehera ertaina adierazten duen laugarren mailatik bosgarrenera pasa baita.
Lege premia
Kontu Ganberak bere txostenean eskatu du despopulazioaren kontrako foru lege bat onartzea. Hark neurri izan beharko lituzke "ekonomiko, fiskal eta administratiboekin, herri kaltetuenetan biztanleen galera geldiarazteko". Txostengileek azpimarratzen dutenez, "despopulazioa arazo konplexua da, hainbat arrazoi eta faktorek eragindakoa. Horiek Estatuan eta Nafarroan egindako azterlan eta planetan identifikaturik daude". Aldi berean, despopulazioaren aurka borrokatzeko Nafarroako Gobernuaren zenbait ekimen aipatzen ditu, nabarmenduz joan den urtean onartutako Despopulazioaren kontrako Estrategia. Horrek hainbat ekintza eta proiektu planifikatzen ditu arazoari modu zeharkakoan aurre egiteko. Estrategia hori urte anitzeko plan batean eta urteko plan operatiboan zehaztu behar da. 2023an ez ziren onartu, ez bata eta ez bestea.
Jarduera egoki gisa Pirinioetako Plan Estrategikoa jarri du Kontu Ganberak, "partaidetza eta zeharkako gobernantza bultzatzen baititu. Eta eredu egokia da despopulatzeko arriskuan dauden beste eremu batzuetan aplikatzeko".
Kontuen Ganberako txostengileek ere hainbat gomendio eman ditu despopulazioari aurre egiteko. Politika publikoak zeharkako ikuspegi koordinatuarekin diseinatzeaz aparte, neurrien eraginkortasuna aztertzeko eskatu du, ez baita beti egiten. Bestetik, Lurralde Kohesioko Departamentuak giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago izatea gomendatu du. Azkenik, despopulatzeko arriskua duten eremuetan zuntz optikoa eta abiadura handiko Internet bultzatu beharra azpimarratu du.