Berrogei bat pertsonak Izurdiaga, Urritzola eta Errotz lotu zituen mendi martxa batean parte hartu zuten garagarrilaren 8an, larunbatean. Abiadura Handiko Trena(AHT) egin ahal izateko "lehenengo pausoa liratekeen zundaketa eta kanpaina geoteknikoak non egiteko asmoa eta ekarriko lituzketen ondorioak ezagutu eta bertan behera geldi daitezela eskatzeko" egin zuten ibilaldia.
Izurdiagako kontzeju etxe paretik abiatu ziren ibiltariak Urritzolarantz 09:30ean, eta handik Errotzera jo zuten. Ibilbidean zehar STOP AHT Zundaketak ekimeneko kideek ingurune horretan egin nahi dituzten zubibide eta tunelerako bi zundaketa puntuei buruzko xehetasunak eman zituzten. Errotzen gosaldu eta talde argazkia egin ondoren, Ilunbeta dermiorantz jo zuten eta Izurdiagako ur biltegira. Bigarren tarte horretan, AHTa pasatzeko egin nahi dituzten beste bi tunelen berri izan zuten ibiltariek, bata Bizkai mendia zeharkatuko lukeena eta bestea Izurdiaga aldera aterako litzatekeena. Aldi berean, egungo goi tentsioko elektrizitate lineetako batean eraman nahi dituzten goi tentsioko lineei buruzko informazioa eta egitasmoa nola dagoen eta zer egiten ari diren azaldu zien Autopista elektrikorik ez! Plataformako kide batek.
Izurdiagako ur biltegian Arakil eta Larraungo hautetsiek hitza hartu eta ingurunea mehatxatzen duten bestelako hainbat proiekturi buruz hitz egin zieten martxako parte hartzaileei, besteak beste, Basaburuko haize erroten poligonoa, horko argindarraren garraioa Arakileraino eraman asmo luketena, Egiarreta eta Ziordia alderako instalazio fotoboltaikoak, edota Aralar zeharkatuz Arakiletik Larraunera egin nahi duten gasbidea. Egitasmo bakoitza testuinguru sozioekonomiko orokorrean kokatu zuten eta gogoetarako hainbat galdera egin zituzten: nork sustatzen dituen, zertarako, beharrak benetan zeintzuk diren, norantz egin beharko genukeen... Era berean, horien aurrean herriek defendatzeko dituzten tresnak eta zailtasunak eta ematen ari diren pausoak azaldu zituzten.
Martxa abiatu zen toki berean bukatu zen. Han uneotan Nafarroan AHTaren lanak zertan diren azaldu eta Sakanan zehazki zundaketak egiteko saiakeren aurrean jokatzeko ekimenetik adostutako protokoloa gogoratu zuten. Halakoren baten berri duenak udalarekin harremanetan jarri edo 656 111 130 telefono zenbakira hots egin behar du. Mendi martxa ondoren elkarrekin bazkaldu zuten Izurdiagan, indarberritu, harremanak estutu eta hurrengo urratsak irudikatzeko.