Txirrindulariak

Gil, Etxeberria eta Martinez, Euskadiko Txapelketetan protagonista

Guaixe 2024ko eka. 13a, 10:30

Ion Gil, gorriz, Euskadiko Txapelketetako azken kilometroetan ihes egindako txirrindulariekin. TXIRRINDULARIAK

Martxel Etxeberria eta Adrian Martinez eguneko ihesaldian sartu ziren, fruiturik izan ez zuena, eta Jon Gil bigarren ihesaldian sartu eta hamargarren sailkatu zen

Ekainaren 9an Duranak 55. Eusebio Velez Trofeoa hartu zuen, aldi berean 23 urtez azpiko eta elite mailako Euskadiko Txapelketak izan zirenak. Lasterketa oso luzea izan zen, 160 km-ko ibilbide luze eta erakargarria, eta txirrindulari afizionatuek hiru aldiz igo behar izan zuten Arlabango mendatea, azkena 14 kilometroren faltan. 

Ibilbide horren luzean ihesaldi luzeak espero ziren, eta hala izan zen. Rural Kutxa-Alea taldeko Martxel Etxeberria iturmendiarra eta Laboral Kutxako Adrian Martinez lakuntzarra izan ziren protagonistak, lasterketa hasi eta berehala aurrera egin baitzuten beste hiru txirrindularirekin: Mikel Irigoien (Eibar), Jaime Espinosa (Hostal Latorre) eta Jose Mañeru (Electro Alavesa). Ia 7 minutuko errenta lortu zuten, baina Telcom eta Eiser taldeen esanetara tropelak erantzun zuen eta azken 40 kilometroetan sartzean, Arkaute parean, harrapatu zituzten. Baina Landako urtegi inguruan hamazazpi txirrindularietako talde batek aurrera egin zuen. Tartean zegoen Jon Gil lakuntzarra (Supermercado Froiz).  Arlabango igoerari ekin aurretik ihes egindakoetatik hiruk egin zuten aurrera: Gorka Corresek (Rural Kutxa-Alea), Iñaki Trujillok (Eiser) eta Diego Ruiz de Arkautek (Ziklokroseroak). Arlabanen gora, atzetik ihes egindakoak batu zitzaizkien, eta helmugan euren artean jokatu zen garaipena. Esprintean azkarrena Diego Ruiz de Arkaute (4:03:13) izan zen, 23 urtez azpiko Euskadiko Txapelduna, Isaac Graciaren (Gomur Cantabria) aurretik. Jon Gil lakuntzarra hamargarren sailkatu zen, denbora berean. Elite mailako Euskadiko txapelduna Iñaki Murua (Laboral Kutxa) izan zen. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Aitor Ondarra (Hostal Latorre) 42. sailkatu zen, 24 segundora; Martxel Etxeberria 74., 4:10era; eta Adrian Martinez 87., 9:24ra.