Aizkora

Banakakoa: txapeldun bat, eta bi txapeldunorde

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 17a, 09:30

Jon Erdozia, lanak bukatuta. Atzean, Aritz Oiarbide lehengusua, txapeldunordea. ARNAITZ RUBIO

Urrezko Aizkolarien 23 urtez azpiko finalean Jon Erdozia gailendu zitzaion Aritz Oiarbide lehengusuari, eta 18 urtez azpiko finalean Oier Mitxelenak segundo gutxigatik galdu zuen finala. Maila onean jarraitzen dute gure aizkolariek

Urrestillako Txikuri pilotalekuan XXVII. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako final handiak jokatu ziren ekainaren 9an. Finalek ikusmin handia piztu zuten. Maila nagusian, Urrezko mailan, Iker Vicentek ez zuen areriorik izan eta hirugarrenez irabazi zuen Urrezko Aizkolariak Txapelketa, Mikel Larrañagaren eta Hodei Ezpeletaren aurretik.

Mitxelena, oso ongi
Banakako 18 urtez azpiko finalean Oier Mitxelena altsasuarrak eta Unai Etxeberria "Osinalde"-k lehia oso estua izan zuten, bukaerara arte erabaki ez zena. Osinaldek jantzi zuen txapela (8:36), aizkorakada gutxi batzuen aldeari esker. 14 segundo gehiago behar izan zituen final ona jokatu zuen Mitxelenak (8:50). 

Lehengusuen arteko dema
Banakako 23 urtez azpiko finala Aritz Oiarbide eta Jon Erdozia lehengusu etxarriarrek jokatu zuten. Jon Erdoziak hasieratik hartu zuen aurrea, eta txapela lasaitasunez jantzi zuen (8:00), lehengusuari tarte handia ateraz (9:46). Gustura ospatu zuten txapeldun eta txapeldunorde izana. 

Poztasuna
"Oso pozik nago txapela lortu izanagatik. Hasieran uste nuen egur txarra zela, baina berehala konturatu nintzen ez zela horrela, eta lasai aritu nintzen. Nahiko ongi sentitu nintzen hasieratik. Lehendabiziko enborrean banekien nahiko ongi egin ahal nuela, eta hor lehendabiziko segundoak ateratzea lortu nuen. Gero, lasaitasun horrekin, lan luzea ongi joan zen, eta txapela lortu nuen" azaldu du Erdoziak.

Datorrena
Uda hastear dago, eta bestelako txapelketak dituzte aurretik Sakanako aizkolariek. "Euskadiko Hirugarren Mailako Txapelketako kanporaketan ariko gara, eta baita Nafarroako Bigarren Mailakoan ere. Uztailean iparraldeko bikote batekin erronka bat jokatuko dugu Baionan, eta abuztuan Ramon Latasaren Oroimenezko Txapelketan parte hartuko dugu, Sunbillan. Horretaz gain, ateratzen diren txapelketa guztietan aritzeko prest gaude" gaineratu du 23 urtez azpiko banakako txapeldunak.