"Oso garrantzitsua da kontakizun hori barrutik egitea"

Guaixe 2024ko eka. 20a, 09:33

Ainara Gorostiaga Eskubi eta Manu Gomez Genua dokumentalaren aurkezpenean.

Torturari buruzko 'Arg(h)itzen' dokumentala hilaren 26an mustuko dute. Egindako lanaz eta torturaren aitortzaz azalpenak eman dituzte Manu Gomez Genuak eta Ainara Gorostiaga Eskubik.

Sakanan gutxienez 149 pertsonak pairatu dute tortura 1966 eta 2011 urteen artean. Hego Euskal Herrian 5.394 kasu zenbatu dituzte. Arg(h)itzen dokumentalaren aurkezpenean esan zutenez, "gatazkak eragindako kalteak ahal den neurrian aitortu, erreparatu, eta etorkizunean horrelakorik berriz ez errepikatzeko bermeak finkatzea erronka dugun honetan, tortura itzaletik argitara ekartzea erantzukizun handiko ariketa da. Tortura posible egiten duen sistema osoa eraitsi ahal izateko oinarria jartzen duelako". Manu Gomez Genua dokumentala ekoitzi duen lan taldeko kideak eta Ainara Gorostiaga Eskubi Nafarroako Torturatuen Sareko ordezkariak azalpen gehiago eman dituzte. 

Zer da tortura?
Ainara. Tortura, gauza asko dira. Tortura ez da bakarrik tortura fisikoa, kolpeak ematen dizkizutenean, poltsa jartzen dizutenean, mehatxatzen zaituztenean, elektrodoak jartzen dizkizutenean... Beharbada tortura fisikoari buruz entzun dugu gehien. Tortura, horretaz harago, tortura pertsona bat psikologikoki suntsitzeko erabiltzen den tresna bat da. Suntsitzea batzuetan lortzen da tortura fisikoarekin, baina baita tortura psikologikoarekin ere. Askotan torturatuek esaten dute: "ni ez naiz torturatua izan. Niri bakarrik bi kolpetxo eman dizkidate". Hor ikusten da Euskal Herrian oraindik torturatu askok ez dutela bere burua torturatu gisa aitortzen. Torturaren definizio hori esatea gaur egun ere kostatzen ari da: tortura ez da bakarrik jipoitzea, gizartean beldurra sorraraztea ere bada, familia eta koadrila guztietan sufrimendu asko egon da horren inguruan. Tortura hori guztia da.  

Zergatik torturari buruzko dokumental bat? 
Manu. Iruditzen zaigulako kontakizunaren garaian oso garrantzitsua dela kontakizun hori barrutik egitea. Ez daitezela izan hirugarren pertsonak kontatzen dutenak, baizik eta lehenengo pertsonan. Horregatik egin dugu ahalegin berezia. Sakana eskualde berezia da, hain eskualde txikian torturatuak izan diren pertsona pila bat dugu. Eta, gainera, prest azaldu dira barrutik hitz egiteko. Uste dugu hori dela kontakizunik zuzenena, barrukoa. 

Torturak ikusgarritasuna behar du? 
A. Jakina. Azkeneko sei hamarkadetan tortura isilpean egon da, ukatua izan da eta ez da horren inguruan hitz egin. Alde batetik, instituzioek beraiek ez dutelako onartu nahi estatu batek torturatu egin duela. Eta, bestetik, torturatuek ere nolabait isilpean egon garelako hainbat arrazoirengatik: beldurragatik, ezin delako benetan kontatu han barruan gertatzen zaiguna, eta kostatzen delako hori kontatzea. Bada garaia torturari ikusgarritasuna emateko. Honelako dokumentalek horretarako balio dute.

Zein eduki du dokumentalak? 
M. Hasteko, lan handia egin da. Auzolan handi baten fruitua da. Hasiera batean poliki-poliki jendearengana joan eta kontatzeko prest zeuden galdetzea izan zen. Batzuek azkar eman zuten pausoa, beste batzuek kostata eta beste batzuek ez dute eman. Guk 40 urteetako esperientzia eta hainbat egoera bizi izan ditugu eta dokumentalak hori dauka. Epe horretako testigantza zuzenak dauzka. Gainera, aditu talde handi batek kontatzen du torturak nola funtzionatzen duen psikologia eta kriminologia arlotik. Kazetari garrantzitsuek ere haien iritzia ematen dute. Dokumental honek pixka bat denetatik du, biluztu edo argira ateratzen du torturaren errealitatea.

Zeinek egin du dokumentala? 
M. Auzolanean egin dugu, argi eta garbi. Talde eragile bat egon da, baina talde eragilearen atzetik ere beste erakunde batzuk egon dira. Laguntza eskatu dugun momentuan izugarrizko zaintza eta laguntza jaso dugu. Diru iturria ere auzolan gisa planteatu genuen, eskuz esku, ahoz aho eta crowdfunding bidez lortu dugu dirua. Esan bezala, auzolan bat da.

Nola zabalduko duzue dokumentala?
M. Lehenengo gauza, zabalkunde guztia eman nahi diogu. Gure helburuak garbi daude: TV3 edo ETB bezalako medioetan ematea nahiko genuke, eta saiakera egingo dugu, zuzena, zorrotza eta zintzoa. Horretaz aparte, zorionez, badakigu Nafarroako Torturatuen Sareak zabaltzeko asmo guztia daukala. Beraien esku jarriko dugu lan hori, eta ahoz aho zabaldu dugun bezala, gure egitasmoa orain herriz herri zabaltzeko asmoa dago, bereziki, sarearen laguntzarekin.

Tokiko ikuspegitik egindako ikus-entzunezkoak balio dezake atzerrian tortura hizpide izateko? 
M. Hori da dokumentala ikusi duten pertsonek esan diguten lehenengo gauza. Batzuek esaten zuten: "baina Sakanatik..." Tokiko kontu gisa geldituko ote zen kezka azaldu zuten. Lana eginda, ezetz ikusten dute, aitzakia bat dela, errealitate sakon bat, Euskal Herriko errealitate bat bete-betean islatzen baita. Iruditzen zaigu edozein tokitan aurkezteko modukoa dela, ez da bertako historia bat.

Beraz, emanaldiak antolatuko ditu sareak? 
A. Saiatuko gara. Torturatuen sarean kaltedunak izan diren Nafarroako ehun herrietako kontaktuak ditugu. Eta dokumentala ikustea eskatzen duten herri guztietan, han egon dadin lagunduko dugu. 

Nafarroan bada lege bat. Haren laguntzaz zer egin nahiko zenukete? 
A. 16/2019 Foru Legea dago, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa. Torturatua edo giza eskubideen urraketak pairatu duen edonor aurkeztu daiteke. Lege horrek aitortza pertsonala eta erreparazioa ematen du. Nafarroako Gobernuak erreparazioa indemnizazio gisa ulertzen du. Nafarroako Torturatuen Sarean uste dugu aitortza pertsonal horretatik aparte, lege horrek eman aitortza kolektibo bat ere eman dezakeela. Gero eta jende gehiago aurkezten baldin bagara, hor islatuko da benetan tortura ez dela kontu isolatu bat izan, baizik eta sistematikoa eta erabat planifikatua egon dena. 

Horretaz aparte, uste dugu lege horrek ez dituela aitortuko guk nahiko genituzkeen kasu guztiak, baina uste dugu garrantzitsua dela kontakizun hori uztea. Legeak berak jasoa du nola Nafarroako Memoria Institutuan ere geratu daitezkeela testigantza horiek. Alde horretatik, gure ustez garrantzitsua da ahalik eta testigantza gehien bertan uztea. Bestetik, uste dugu ere behin aitortza ofizial bat eduki ondoren, ateak ireki ditzakeela ere beste estamentu batzuetan, nazioartean edo estatuan. Ez da gauza bera aitortza ofizial bat ez edukitzea edo Nafarroako Gobernuarena izatea.  

Lekukotza hori emateko, eskaera hori egiteko, zer pauso eman behar dira? 
A. Nafarroako Torturatuen Saretik, eta Egiari Zor fundazioaren bidez, jendea laguntzen dugu. Guregana etortzen badira guk lehenik dokumentazio bilketa bat egiten dugu. Esaterako, tortura kasuetan batzuek ez daukate ezta testigantza bat idatzia. Jendea horregatik ez dadila kezkatu: lekukotza hartuko diegu, eskaera testua idatzi eta Nafarroako Gobernuan erregistratzen dugu. Norbaitek bere kabuz egin nahi badu, lasai asko egin dezake bere kabuz. 

Behin eskaerak Nafarroako Gobernuan erregistratuta daudenean, lehenengo pausoa da tramitera onartzea eskaera hori. Eta behin onartzen denean, deitzen zaituzte Aitortza Batzordetik beraien aurrean testigantza emateko. Batzorde hori osatzen dute psikologoak, mediku forentseak, Nafarroako Memoria Institutuko zuzendaria eta Nafarroako Parlamentuak hautatzen dituen lau txostengileetako batekin. 

Kontakizuna egiten duzu. Garrantzitsua da ere: galdetzen dizute zer aldaketak gertatu diren zure bizitzan tortura edo giza eskubide urraketa horiek eman aurretik eta ondoren. Eta beraiek baloratzen dute. Beraiek urtebete daukate baloratzeko biktima gisa aitortzen zaituzten edo ez. Eta aitortua izateaz aparte, ea indemnizazio bat edo erreparazio bat ematen dizuten ala ez. Guk erreparazioa ulertzen dugu hori baino gehiago dela, baina Nafarroako Gobernuaren lege horrek horrela ulertzen du. 

Eskaerak egiteko eperik badago? 
A. 2027ko garilean bukatuko da. 3 urte daude aurretik. Kasu asko daude, badakigu. Prozedura gogorra da, mantsoa da, baina, hala ere, uste dugu garrantzitsua dela eta probestu behar dela aukera hori.