Aurreiritzien kontrako kontakizunak

Guaixe 2024ko eka. 14a, 10:31

Aurreko edizio bateko sari banaketa ekitaldiko unea. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren Lehiaketa antolatu du. Idazlanak garagarrilaren 30era arte aurkez daitezke.

Aniztasuna, berdintasuna, errespetua, diskriminazio eza, elkarbizitza, kulturartekotasuna, arrazakeriaren, aurreiritzi eta zurrumurruen kontrako borroka, aniztasunaren ekarpen eta abantailak… Balio horiek sustatzen ditu Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak. Eta bosgarrenez antolatu duen literatur lehiaketaren bidez elkarbizitzari modu ezkorrean eragiten dieten jatorri anitzeko pertsonen inguruko zurrumurru eta estereotipo ezkorrei aurre egin nahi die. Horiei kontrajarri nahi die kulturartekotasuna eta kohesio soziala, bazterkeriaren kontrako jarduna, baita arrazakeria eta xenofobiaren kontra jardungo duten pertsona eta entitate konprometituak sortzea eta sendotzea ere. Hortaz, lehiaketara aurkeztuko diren ipuinek xede horiekin zerikusia izan beharko dute.

Beraz, lehiaketan parte hartu nahi dutenek, Anitzarteanen Zurrumurruen jasari, baloreak aterki kanpainako leloa gogoan izan beharko dute. Hau da, aniztasunean elkarbizitzaren alde eginen duten kontakizunak idatzi beharko dituzte, bestearekiko zurrumurru eta aurreiritziez libre izanen dena. Kontakizunetan aniztasunak, tratu eta aukera berdintasunak, eta bestearekin bizitzeak dakarzkigun onurak kontatu beharko dituzte idazleek.

Parte hartzeaz 
Sakandarrei zuzendutako literatur lehiaketa horretan lanak euskaraz eta gaztelaniaz aurkez daitezke. Hizkuntza bakoitzean bina maila daude, 16 urte artekoena eta 16 urtetik gorakoena. Maila bakoitzean hiruna sari banatuko dira. Narrazio laburrek, gehienez ere, lau orrialdeetako luzera izanen dute. Arial tipografiaren 12ko tamainarekin idatzi beharko dira, espazio bikoitzean. Jakina, lanak originalak, berriak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. 

Parte hartzaileek bere idazlana PDF formatuan anitzartean@gmail.com e-posta helbidera bidali beharko dute. PDF-en izena Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren V. Lehiaketa eta izengoiti bat izanen da. Horrekin batera, beste PDF formatuko agiri batean parte hartzailearen datuak jarri beharko dira: izen-abizenak, jatorria, helbidea, posta kodea, telefona, identifikazio zenbakia, eta posta helbidea. PDF horren izenean  Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren V. Lehiaketa, izengoitia, ipuinaren izenburua, hizkuntza eta adin tartea aipatu beharko dira. 

Literatur lehiaketako epaia eta sari banaketa ekitaldia irailean jakinaraziko du Anitzarteanek. Sarituek Sakanako Dendarien Elkarteko saltokiren batean aldatzeko txartelak eskuratuko dituzte. Lehiaketari buruzko argibide guztiak sakana-mank.eus webgunean daude.