55 ikasle unibertsitaterako bidean

Guaixe 2024ko eka. 17a, 11:49

Azterketa egiten. NUP

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziora aurkeztu ziren eta D ereduan ikasi duten ikasle sakandar guztiek gainditu dute.

Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziora aurkeztutako 3.468 ikasleetatik % 98,41ek gainditu dute, 55 besterik ez dira izan gainditu ez dutenak eta zazpi ez ziren aurkeztu. Hizkuntzen arabera, G eta A ereduetan (gaztelania) ikasketak eginik nahitaezko fasean matrikulatu ziren 2.541 ikasleen artetik, 2.538 aurkeztu ziren eta 2.495 izan dira proba gainditu dutenak, hau da, % 98,31. Bestalde, ikasketa euskaraz eginik (D eredua) nahitaezko fasean matrikulatu ziren 927 ikasleetatik, 4 ez ziren aurkeztu eta 911k gainditu dute, bestela esanda, % 98,70ek gainditu du. Azken horien artean daude Iruñeko Biurdana institutuko bost ikasle irurtzundar eta Altsasu Bigarren Hezkuntza Institutuko 50 ikasleak, aurkeztutako guztiak. Biurdanako beste ikasle bat izena emanda zegoen, baina ebaluaziora ez aurkeztea erabaki zuen. 

Epeak
Ebaluazioko notak jakinda, Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioaren deialdi berezia garagartzaroaren 26an, 27an eta 28an eginen da, eta emaitzak garilaren 2an ezagutaraziko dira. Era berean, erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, ikasleek egin behar dute telematikoki, garagartzaroaren 13tik 17ra bitartean. Berrikuspen prozesu horretan ateratzen den kalifikazioa hasierako kalifikazioa baino handiagoa, txikiagoa edo berdina izan daiteke. Azterketak berrikusteko eskaerarik egin ez badute, ikasleek garagartzaroaren 19tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazio txartel elektronikoa; berrikusteko eskaera egin badute, aldiz, garagartzaroaren 24tik aurrera.