Europako Hauteskundeetan 15.519 sakandarrek zuten botoa emateko aukera. Haietatik 7.685ek erabili zuten eskubide hori, hau da, %50,48ak. Europako Hauteskundeak 2019an udal eta foru hauteskundeekin bat egin zutenez parte hartzea %67,28koa izan zen.
Sakanan EH Bildu nagusitu da botoen %45,19 eskuratuta. Herri guztietan izan zen lehen indarra, Irañetan boto bakarragatik izan bazen ere. Koalizio subiranistak duela bost urte baino 627 boto gutxiago eskuratu zituen.
PSOE izan da bigarren indar bozkatuena Sakanan, botoen %23,54 bereganatu zituzten. 2019an baino 173 boto gehiago eskuratu dituzte sozialistek. Pedro Sanchez gobernuan egoteak eta alderdiak PPrekin dituen tirabirak botoa PSOEra erakarri du. 2019an hirugarren indarra izatetik bigarren izatera pasa dira sozialistak.
Ibarrean hirugarren indarra PP izan zen botoen %11,43rekin. Hauteskundetara UPN aurkeztu ez zenez, ikusteko zegoen erregionalisten alde botoa ematen zutenek zer jarrera hartuko zuten igandeko hitzorduan. Popularrek azken deialdiarekin alderatuta 409 boto gehiago lortu dituzte Sakanan eta bosgarren indarra izatetik hirugarren izatera pasa dira.
Geroa Bai CEUS koalizioaren barruan aurkeztu zen eta sakandarren laugarren aukera izan zen botoen %8,49 eskuratuta. Hauteskundeetan galera handia izan du koalizioak 2019ko Europako Hauteskundeetan baino 1.430 boto gutxiago eskuratu baititu. Sakandarren gogoko bigarren indarra izatetik bosgarrena izatera pasa da.
Ezker konfederalaren espazioan bi hautagaitza aurkeztu ziren. Sumar Podemosen aurretik gelditu zen, hurrenez hurren %2,84 eta %2,58 boto eskuratuta. Bost urtean espazio horrek 414 boto galdu ditu Sakanan, eta ibarreko laugarren aukera politiko izatetik bosgarren eta seigarren izatera pasa da.
Sakandarren aukeren artean eskuin muturrekoak zazpigarren eta zortzigarren aukerak izan ziren. Voxek botoen %2,52 eskuratu zituen eta Se acabo la fiestak, berriz, %0,71. Eskuin muturrak sakandarren botoen %3,23 eskuratu zituen igandean. Bost urtetan Voxek 84 boto irabazi ditu ibarrean. Horri eskuin muturreko beste hautagaitzaren botoak gehituz gero, boto hazkundea 138koa da.
Gehiago
Europako Parlamentua laster berrituko da. Legebiltzarrak eskuinera egingo du, alderdi ultraeskuindarrek izandako gorakadaren ondorioz. Esate baterako, Ipar Euskal Herriari Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarrak 158 udalerrietatik 92tan irabaztea. Hala ere, badirudi atzera ere koalizio handia eginen dutela kontserbadoreek, sozialdemokratek eta liberalek.
Hego Euskal Herrian PSN izan da garaile. Sozialistak indarrik bozkatuena izan dira Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan, berriz, EH Bildu. Nafarroan PSOEren ondoren PP (%28), EH Bildu (%18,7), Vox (%6,6), Sumar (%3,8), Podemos (%3,2) eta Geroa Bai (%3,2) gelditu dira. 2019arekin alderatuta lehen hiru postuak berdin mantendu dira. Vox zazpigarren izatetik laugarren izatera pasa da. Ezker konfederalekoak bosgarren eta seigarren indarrak dira Nafarroan. Geroa Baik nafarren bosgarren aukera izatetik zazpigarren izatera pasa da.