Berdintasunezko eta eraso sexistarik gabeko festen alde

Guaixe 2024ko eka. 17a, 11:17

Kanpainak zabalduko duen irudietako bat. UTZITAKOA

Foru Gobernuak 'Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu' leloa duen kanpaina abiatu du.

Berdintasun, Gazteria, Hezkuntza eta Osasun Departamentuek festa inguruneetan afektuzko eta sexuzko harremanetan tratu ona sustatzeko eta emakumeenganako eta sexu aniztasunaren kontrako indarkeria prebenitzeko kanpaina bat abiarazi dute. Harekin Nafarroako Gobernuak berdintasunezko eta eraso sexistarik gabeko festak sustatu nahi ditu. 

"Nahiago nuke horrelako kanpainak egitea beharrezkoa ez balitz, baina gaur egun ere emakumeen kontrako indarkeriaren zifrek hala dela erakusten digute. Guretako, herritar guztiendako izan behar duen bezala, berdintasuna harreman pertsonal guztien oinarrizko printzipioa da. Harreman horiek inolako diskriminaziorik gabe eman behar dira, baina ez pertsona batek bestearekiko duen pribilegiorik gabe; eta horrek jai eta aisialdirako eta bizitzako edozein esparrutarako balio du", adierazi du Begoña Alfaro Garcia lehendakariordeak.

Kanpaina 35 urtetik beherako biztanleei zuzenduta dago bereziki, eta hiru helburu ditu: intentsitate txikiko indarkerien identifikazioa hobetzea eta indarkeria horiek geldiarazteko beharraz kontzientziatzea, sexualitatearen ikuspegi positiboa zabaltzea harreman-trebetasun osasungarriak, berdintasunezkoak eta tratu onekoak sustatuz, eta sexu-praktika arriskutsuak saihesteko prebentzio-neurrien erabilera sustatzea.

Kanpainaren irudietan, gazteak erakusten dira, taldean edo bikoteka, jai-giroan gozatzen, festa giroan eta jarrera osasungarrian. Goiburu nagusiaz aparte, diseinatutako kartelek errespetuzko harremanak aldarrikatzera bideratutako hainbat baieztapen biltzen dituzte: Nire posturarik gustokoena? Presiorik ez; Zure laztanek zoratu egiten naute, zure errespetuak, are gehiago eta, azkenik, Gehien erakartzen nauena? Ezer ziurtzat ez jotzea.

Nafarroako Gobernuak toki entitateen eskura jarriko ditu kanpaina horretako materialak, udal bakoitzak mezuari atxikitzeko eta nahi dituen euskarrien bidez zabaltzeko (festen programa, kartelak, sare sozialetako zabalkundea, eta abar). Ohi bezala, udalerri bakoitzak herriaren izena eta armarria sartzeko aukera izango du irudietan. Bestalde, kanpainaren olanak erakutsiko dituzten toki-erakundeen artean dago Altsasu.