Pilota

CaixaBank Mastersa, indartuta

Guaixe 2024ko eka. 19a, 10:00

Mastersa jokatuko duten pilotariak, CaixaBankeko Kepa Badiola ordezkariarekin. ASPE

Bi bikote gehiagok jokatuko dute udako binakako torneoa. Ezkurdiak Albisurekin osatuko du bikoa, Zabaletak Peña II.arekin eta Martijak Jakarekin. Uztailaren 19an hasi, eta urriaren 6an despedituko da, Nafarroa Arenan

Ekainaren 18an aurkeztu zuten zuten V. CaixaBank Mastersa. Aspeko eta Baikoko pilotariek elkarrekin jokatzen duten torneoa indartzea erabaki du EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligak, eta aurten bi bikote gehiago lehiatuko dira, zortzi bikote guztira. 

Txapelketa uztailaren 19an hasiko da, Aretan (Laudio). Finalerdiak urriaren 4an jokatuko dira, Nafarroa Arenan, eta final handia urriaren 6an erabakiko da, toki berean. 

Aspeko eta Baikoko pilotariak nahasita, zortzi biko interesgarri sortu dituzte. Sakandarrei dagokienez, Joseba Ezkurdiak Jon Ander Albisurekin osatuko du bikotea, Jose Javier Zabaletak Jon Ander Peñarekin eta Julen Martijak Erik Jakarekin. Beste bikoteak ondokoak dira: Jokin Altuna-Martxel Iztueta, Iñaki Artola-Beñat Rezusta, Unai Laso-Xabi Tolosa, Peio Etxeberria-Jon Mariezkurrena, eta Javier Zabala-Ander Imaz. Iztueta eta Zabala dira aurpegi berriak, Elordiren eta Arangurenen ordez. 

Joan zen urtean Ezkurdiak eta Mariezkurrenak jantzi zuten IV. CaixaBank Masterseko txapela, baina aurten ezingo dute berritu, banandu egin dituztelako. Zein den faborito, pilotariek ere ez dute argi, kalitatea handia baita. 

Mastersaren formatua bere horretan mantenduko da. Aurreneko faseko ligaxkan zazpi jardunaldi jokatuko dira, eta lehenengo bi postuetan amaitzen duten bikoek finalerdietan zuzenean jokatuko dute, eta beste bi tokien bila hirugarren postutik seigarrenera sailkaturikoek kanporaketa bana gainditu beharko dute play-offetan: hirugarrena seigarrenaren aurka eta laugarrena bosgarrenarekin. Finalerdiak urriaren 4an jokatuko dira Nafarroa Arenan, eta bi egun beranduago final handia jokatuko da, toki berean.