Txirrindularitza

Ane Berastegiren asteburu zoragarria

Guaixe 2024ko eka. 20a, 11:30

Valentziako proban sterratoko tarteak izan zituzten. UTZITAKOA

Ekainaren 15ean Murtzian jokatutako lasterketan hirugarren izan zen, eta ekainaren 16an, Valentzian, hirugarren

Ekainaren 15ean eta 16an  Emakumezkoen Espainiako Kopako baliagarriak diren bi lasterketa jokatu ziren Murtzian eta Valentzian, eta bertan Ecologicos Navarra-Beratxa taldeko bi txirrindulari lehiatu ziren, Ane Berastegi Jaka arbizuarra eta Siets Goikoetxea Garde urdiaindarra. 

Ekainaren 15ean Abanillak (Murtziak) III. Santa Ana Residencia trofeoa hartu zuen, Espainiako Koparako baliagarria den bosgarren lasterketa. Eguzkipean eta bero izugarriarekin jokatu zen lasterketa, baina txirrindulariak ez ziren kikildu eta abiadura handian lehiatu ziren. Beratxa taldeko Ane Berastegik ez zuen huts egin eta hirugarren izan zen, Paula Ostizekin (Baque) eta Irati Arangurenekin (Andoain) esprint borrokatuan lehiatu eta gero (1:51:02). Bere taldekide guztiak Top 25an sailkatu ziren, tartean Siets Goikoetxea, 24. postuan. Talde lan bikain horri esker taldekako sailkapena lortu zuen Beratxak. 

Ekainaren 16an IV. Classica L´Arrosen (Valentzia) lehiatu zen emakumezkoen tropela, Espainiako Kopako seigarren proba puntuagarrian. Lasterketa asfaltoan eta sterratoan jokatu zen, lur gainean, eta horrek asko baldintzatu zuen proba, eroriko nahikotxo izan baitziren. Hala ere, Ane Berastegik lur gainean asfalto gainean bezain ongi ibiltzen dela erakutsi zuen, bezperan bezala hirugarren sailkatu baitzen (1:28:40). Podium berbera errepikatu zen, txapelduna Paula Ostiz izan baitzen (1:26:03) eta bigarrena Irati Aranguren (1:26:53). Beratxako gainontzeko txirrindulariak ere bikain lehiatu ziren, eta taldekako sailkapenean bigarren izan ziren. Siets Goikoetxea 51. sailkatu zen. 

Kadeteetan Eider Mazkiaran Dieguez altsasuarra (Zu-k / Limousin) lehiatu zen. Abanillako lasterketan 66. sailkatu zen, eta Valentziako proban ez zen sailkatu. 

Espainiako Kopako sailkapena
Espainiako Kopako sailkapen orokorrean, junior mailako liderra Irati Aranguren (Andoain) da liderra (260 puntu), Paula Ostiz (240 puntu) oso gertu duela. Ane Berastegik hirugarren postuari eusten dio (212 puntu). Siets Goikoetxea 47. postuan dago (3 puntu). Eliteen eta 23 urtez azpikoen mailan Susana Perez dago buruan (248 puntu) eta Nahia Perez altsasuarra (Team Zatika) hamahirugarren da (61 puntu). Nahia Perez asteburuan ez zen Murtzian eta Valentzian lehiatu. 

Koparako baliagarria den azken proba uztailaren 13an jokatuko da, Leonen.