Uharteko eta Arbizuko obra banarendako finantzazioa

Guaixe 2024ko eka. 25a, 09:00

Arbizuarrak Fernando Urkia kalean. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planean erreserban zeuden bi lanak planean sartzea erabaki du orain foru administrazioak. Udalek bere finantziazioa aztertu beharko dute eta, onartuz gero, lanak ez lirateke 2025era arte hasiko.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak Toki Inbertsioen Planean erreserban gelditu ziren hamazazpi  lan planean sartzea erabaki du. Guztira 5.937.864 euroko balioa duten lanak dira aurreikusi direnak. Lanak egiteko foru administrazioaren laguntza jasoko duten udalen artean daude Uharte Arakil eta Arbizu. Uharte Arakilgo Udalak Itxesi kaleko ur hornidura sarea berritu nahi du, mikrozementuzko hodia ordezkatzeko, eta Itxesi eta Errekabitarte kaleko sareak banatzeko lanak egiteko 413.313,47 euroko (BEZik gabe) inbertsioa egitea aurreikusia du. 

Arbizuko Udalak, berriz, Fernando Urkia kalea berritu nahi du. Kale horretan lau lan egin nahi lituzke udalak. Batetik, ur hornidura eta hondakin uren sareak berritzeko lanak, 105.396,48 euroko aurrekontua dutenak. Bestetik, euri ura jasotzeko sarea berritzeko lanak, 47.877 euroko balioa dutenak. Azkenik, behin sareak berrituta kaleko zorua berritu beharko da eta horretarako udalak 278.329,30 euro aurreikusi ditu. Guztira 431.602,78 euroko inbertsioa (BEZik gabe). Arbizuko Udalak uraren inguruko eskumenak Sakanako Mankomunitatearen esku utzi zituen, eta, beraz, ur hornidura eta hondakin uren sareak egiteko lanak ibarreko erakundearen ardura dira, hark pagatuko lituzke, gainontzekoak, berriz, Arbizuko Udalarenak. 

Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Larraza Carrerak azaldu duenez, "lan horiek, egitekotan 2025etik aurrera eginen lirateke". Gobernuak onartutakoa "behin behinekoa da. Jasotzen ditugunok oniritzia eman behar diegu, eta lau hilabete barru gobernuak dirulaguntzen behin betiko onarpena eginen du". Ondoren aurrekontuetan sartu eta planifikazioa egin beharko da. Ondorioz, gauzak ongi, lanak 2025etik aurrera hasiko lirateke, beti ere, udalen finantza gaitasunaren arabera.