Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoak dirulaguntza jaso du

Guaixe 2024ko eka. 24a, 11:00

Sakanako Mankomunitatearen egoitzan dago bulegoa. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak eman dio.

Nafarroako Gobernuak Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko sei Bulegoen (EEB) erakunde kudeatzaileei 1,2 milioiko dirulaguntzak zuzenean emateko erabakia hartu du. EBB onuradunen artean dago Sakanakoa, 91.907,63 euro jasoko dituenak, banatutakoaren %7,65. Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzan dago Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoa, eta handik zerbitzua ematen dio Sakanaz aparte, Lekunberri, Larraun eta Leitzaldeari. 

Aipatutako bulegoen zeregina birgaitze-proiektuak sustatzen dituzten pertsonei eta komunitateei doako laguntza teknikoa eta administratiboa ematea da, Nafarroako Gobernuak hiri eraikiaren eta landa-inguruneen berreskurapena areagotzeko bultzatutako ekintzen esparruan. Bestalde, foru administrazioak birgaitzearen arloan ematen dituen laguntzen izapideetan aholkuak emateaz arduratzen dira, proiektu bakoitzaren aurrekontuaren %40ra arte finantzatu ahal izateko.