La Vasco Navarra saritu dute

Guaixe 2024ko eka. 25a, 09:30

Ezkerretik hirugarrena Erkuden Elbusto Mazkiaran (Quesos La Vasco Navarra) eta bosgarrena Santiago Gonzalez De la Torre (Aldakin). UTZITAKOA

2024ko Nafarroako Enpresa Txiki eta Ertainaren saria eskuratu du. Bost finalistetako bat Aldakin izan zen.

Bost enpresa zeuden urteko Nafarroako Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) sarirako hautagaien artean. Eta haietako bi sakandarrak ziren: Aldakin eta Quesos La Vasco Navarra. Olatzagutiko enpresak eskuratu zuen garagarrilaren 19an egindako ekitaldian saria. Duela bi urte Prestakuntza eta Enpleguaren akzesita jaso zuen. 

Epaimahaiak kontuan hartu Olatzagutiko enpresa "hazi egin" dela, "nahiz eta ziurgabetasun uneak izan eta nazioarteko testuinguru konplexu izan". Epaimahaiak jakinarazi dutenez, 1978an sortutako familia enpresa olaztiarra modu esponentzialean hazi da azken urteotan; hala, 2023ko ekitaldian 60 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen 145 langileko plantillarekin. Atzerrian egindako salmentak %15 igo dira urtean, eta bere produktuak 50 herrialdetan baino gehiagotan daude. 

Bestalde epaimahaiak nabarmendu du landa eremuan emakumezkoen enplegagarritasunarekin oso konprometituta dagoen enpresa bat dela, "metalurgia-sektorea eta oso maskulinizatuta dauden beste batzuk nagusi diren ingurune batean langileak kudeatzeko eredu aitzindari batekin".


Aldakineko Santiago Gonzalez De la Torre saria jasotzen. UTZITAKOA

Aldakin
Sari nagusiarekin batera lau akzesit eman ziren. Aldakinek Prestakuntza eta Enpleguarena jaso zuen. Epaimahaiak bereziki azpimarratu duenez, “Aldakin enpresa oso kontzientziatuta dago bere langileen prestakuntzarekin, hainbat ikastaro, master eta doktorego ordaintzen dizkie. Gainera, Lanbide Heziketa Dualeko proiektuetan ere aktiboki parte hartzen du”. Bestalde, epaimahaiak gogorarazi du Aldakinen langile kopurua hazi egin dela azken urteotan, 2022an 171 langile izatetik eta 183 langile izatera pasa zen 2023an.

Altsasuko enpresak sei hilabetean lortzen duen bigarren aitorpena da. Izan ere, Aldakinek Machine Tool Innovation Award saria jaso zuen 2023ko abenduan. Ordukoan konpositea mekanizatzeko robot bat sortzeagatik saritu zuten, hura  zehatza, errentagarria, produktibitate handikoa eta sortutako hautsaren % 98 xurgatzeko gai baita. 

Heldu den urtean La Vasco Navarra estatuko ETE onenaren sarirako lehiatuko da, eta Aldakin Prestakuntza eta Enpleguaren mailan. Sariketako epaimahaia Banco Santanderreko, Nafarroako eta Espainiako Merkataritzako, Nafarroako Gobernuko eta Diario de Navarrako ordezkariek osatu zuten.