June Kintana Larraza disko jaurtitzaile bakaikuarrak ezin izan du Europako Atletismo Txapelketan parte hartzeko ametsa gauzatu, baina aurrera segi eta beste helburuekin jarraitu du aurrera. Ekainaren 15ean Nafarroako Atletismo Txapelketa absolutuak jokatu ziren Larrabiden, eta bertan lehiatu zen atleta bakaikuarra. Grupompleo Pamplona Atletico taldeko sakandarrak urrea lortu zuen (53,58 m), Angela Ferreira (Grupompleo Pamplona A., 41:05 m) eta Aisha Bencheikh (38,77 m) dominadunen aurretik. Leongo Teknifikazio Zentroan Kintanaren taldekide den Andrea Alarconek (Catalunya) bigarren marka onena egin zuen (47,86 m), baina ez zuen Nafarroako Txapelketarako puntuatu.
Bestalde, Asier Estarriaga Navarro etxarriarrak (Hiru Herri) 5.000 metroko lasterketan brontzea lortu zuen (16:21.07), Andoni Acebedoren (Beste Iruña, 15:52.92) eta David Perezen (Hiru Herri, 16:14.30) atzetik sailkatu eta gero.
Ruben Mendieta Alegria olaztiarra (Atletismo Albacete) distantzia laburragoan lehiatu zen, 800 metrotan. Nafarroako brontzezko domina lortu zuen (1:53.88), Hiru Herriko Mikel Calvoren (1:52.48) eta Aitor Beorlegiren (1:53.63) atzetik sailkatuta.
Beste hainbat atleta sakandar lehiatu ziren Larrabiden (Israel Arbizu, Iraitz Senar eta abar) baina ez ziren finalista izan.