Yuuyum irratia

Maia yucatekoa biziberritzeko, jantzi

Guaixe 2024ko eka. 21a, 13:51

Yuuyum elkarteko kideak Elhuyarren bisitan. @Elhuyar

Mexikoko Yucatan penintsulatik dozena bat maiaz osatutako delegazio bat Euskal Herria izan zen hilaren hasieran, Garabide elkartearen bitartekaritzari esker. Euskararen biziberritze arloz arloko esperientzia espezializatuak bertatik bertara ezagutu zituzten.

Yuuyum Irratiak eta Guaixek Elkarrekin indartuz senidetzea sinatu zuten 2020ko otsailean. Haren fruitua izan zen bi urtez hainbat hilabetez elkar trukatutako idatziak, norbere komunitatearen berri ematen zutenak. Ordutik, irratia zena Yuuyum elkartean bihurtu da, Mexikoko Yucatango maia hizkuntzaren biziberritzea helburu duena. 

Yucatekoekin Guaixek Garabide elkartearen bidez egin zuen harremana, hainbat urte baitarama haiekin batera proiektuak lantzen. Elkarlan horren mugarri garrantzitsuenetako bat izan zen Yuuyum elkartea sortzea. Egituratzeak fruituak eman die, eta, Kellog Fundazioaren bitartez, dirulaguntza lortu dute. Horrekin Yucatan osorako baliagarri izan nahiko lukeen hizkuntza plan integral bat diseinatzen ari dira gaur egun.


Yuuyum elkarteko eta Euskaltzaindiko ordezkariak. @plazaberri

Euskal Herrian 
Dozena bat maia yucatekoen Euskal Herrian bisitan izan ziren hilaren 3tik 15era. Egonaldi horretan lantaldetan banatu ziren eta egutegi betea izan zuten. Garabideko kideek azaldu zutenez, "hemen ideiak hartu eta euren komunitateko errealitatera egokituta han ere inplementatu ahal izateko".

Hala, maia yucatekoek ikastola bat bisitatu zuten, ikastolen sorreraren eta aurreneko urteen martxaren berri jaso zuten. Gainera, Euskaltzaindiko ordezkariekin bildu ziren, azken urteotan haien bidelagun den Donostiako Udalean izan ziren eta Gure Zirkuko eta Bilboko Zenbat Garako arduradunek beraien esperientziaren berri eman zieten. Bestetik, tokiko hedabideen berri Goiena bisitatuz izan zuten. Euskara taldeek egindako ibilbidearen berri ere jaso zuten. Horiekin batera, prestakuntza saioak ere izan zituzten: Dindaia fundazioarekin aisialdiari buruzkoa, filologo batekin corpusaz eta helduen alfabetizazioaz. AEK-ren bidez Korrikaren berri izan zuten. Euskal Herriko hizkerak jasotzen ari den Ahotsak proiektua ezagutu zuten corpusa lantzen ari direnak. Azkenik, Elhuyarren hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren eremuan egiten ari direna azaldu zieten. 


Yuuyum elkarteko kideak Korrikako arduradunekin. @AEK_eus

Eta, bitartean, proiektuak lantzen egon dira eta horiek aurkeztu zituzten joan aurretik. Euskal Herriko egonaldian egindako lanketa baliagarria izanen zaie. Izan ere, hizkuntza plana Yucatanen garilaren 12an aurkeztuko dute. Hartan hizkuntza biziberritzeko bederatzi arlo izanen dira: corpusa, helduen irakaskuntza, aisialdia, kultur sorkuntza, hezkuntza, komunikabideak, enpresa mundua, familia transmisioa eta administrazio publikoa.

Garabide elkarteko kideek azaldu dutenez, "euskararen biziberritze esperientzia erreferentzia da antzeko prozesua bizi duten komunitateendako, bere argi eta ilunekin euskarak azken 60 urteotan lortu duena ametsa baita munduan zeharreko komunitate askorendako, eta mirespenez entzuten dituzte Euskal Herriko kontuak".