Txirrindularitza

Nahia Imaz brontzea, eta Aimar Tadeo eta Adrian Martinez ikusgarri

Guaixe 2024ko eka. 24a, 11:33

Nahia Imaz, eskuinean, podiumeko hirugarren kutxan. FEDERAZIOA

Madrilen jokatutako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan, Aimar Tadeo bosgarren sailkatu zen errepidean, Adrian Martinez zazpigarren erlojupekoan eta Nahia Imazek brontzezko domina lortu zuen erlojupekoan

23 urtez azpiko, elite mailako eta profesionalen mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Madrilen, San Lorenzo del Escorialen eta Galapagarren. Afizionatuen mailako probetan txirrindulari sakandarrak lehiatu dira, eta ikusgarri aritu dira, horietako hiru Top 10ean sailkatu baitira. 

Erlojupekoan Imaz brontzea eta Martinez zazpigarren
Ekainaren 21ean, ostirala, afizionatuen mailako erlojupeko lasterketak (33,4 km) jokatu ziren Galapagarren, erlojupeko gogorra. Gizonezkoetan Aitor Agirre izan zen txapeldun handia (40:55). Adrian Martinez lakuntzarrak  (Nafarroa, Laboral Kutxa) erlojupeko bikaina egin zuen afizionatuen bere lehenengo urtea dela kontuan hartuta, eta zazpigarren sailkatu zen (42:07).

Emakumezkoetan Mireia Benito (AG Insurance-Soudal) gailendu zen (44:07), eta Nahia Imaz altsasuarra (Team Zatika) hamargarren sailkatu zen (48:20), baina Espainiako txapelketan hirugarrena, eta brontzea. 

Errepidean, Tadeo bosgarren eta Imaz 28.
Ekainaren 22an, larunbata, afizionatuen mailako errepideko lasterketako txapelketa jokatu zen, 160 km-ko lasterketa zorrotza. Emozioz betetako lasterketa izan zen, gorabeheratsua eta nahiko eroa. Azkenean, helmuga baino lehen zegoen maldan erasoa jota, Hugo de la Callek (Asturias) lortu zuen Espainiako txapeldun izatea (3:46:05), helmugara bakarrik iritsita. Tantaka heltzen joan ziren gainontzeko txirrindulariak, segundo gutxien aldearekin. Aimar Tadeo lakuntzarra (Nafarroa, Finisher) bosgarren sailkatu zen, 12 segundora, lasterketa ikusgarria egin eta gero. Probako lehen nafarra izan zen. Mikel Uncilla etxarriarra (Nafarroa, Rural Kutxa-Alea) 49. sailkatu zen, 5:27ra, eta Martzel Etxeberriak (Nafarroa, Rural Kutxa) ezin izan zuten proba bukatu. 

Emakumezkoen elite eta profesional mailako lasterketan (110,3 km) Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa) lortu zuen gailentzea eta Espainiako txapelduna izatea (3:08:56). Nahia Imazek lasterketa bikaina egin zuen eta 28. sailkatu zen, 9:34ra (3:18:30). 
Profesionalak
Eliteen eta profesionalen gizonezkoen lasterketa gogorra Alex Aranburuk (Movistar Team) irabazi zuen (4:39:53). 171 parte hartzaileetatik 45ek lortu zuten lasterkta bukatzea. Iker Mintegik (Laboral Kutxa) ezin izan zuen proba bukatu.