Txirrindularitza

Sakandarrak txukun Tafallan eta Atarrabian

Guaixe 2024ko eka. 25a, 10:20

Asteburu lanpetua izan dute txirrindulari sakandarrek. BERATXA

VII. Emakumezkoen Tafalles Trofeoan eta Jose Ignacio Urdaniz “Cachorna” Oroimenezkoan lehiatu ziren

Tafallak VII. Emakumezkoen Tafalles Trofeoa hartu zuen ekainaren 22an, kadeteen eta juniorren mailako proba. Kadeteen mailan (58 km) Ane Zubeldia (JRG Norclamp Otxe) gailendu zen (1:43:13). Eider Mazkiaran (Zu-k/Limousin) altsasuarra hamargarren sailkatu zen (1:44:50). Zu-k/Limousin talde onena izan zen. 

Juniorren mailan (85 km) Paula Ostizek (Baque Team) ez zuen areriorik izan eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:14:10). Talde nagusian, Ane Berastegi arbizuarra (Beratxa) hamaikagarren sailkatu zen, eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra (Timac Agro-Lacturale) hamabosgarren, biak denbora berean  (2:21:45). Siets Goikoetxeak (Beratxa) eta June Etxeberriak (Timac Agro-Lacturale) ezin izan zuten lasterketa despeditu. 

Hurrengo egunean, ekainaren 23an, emakumezkoen tropela Atarrabian bildu zen, V. Jose Ignacio Urdaniz “Cachorna” Oroimenezkoan.  Kadeteen artean Lidia Castrok (Rio Miera-Meruelo) eraso indartsua jo eta bakarrik iritsi zen Atarrabiako helmugara (1:31:30). Eider Mazkiaran hamabosgarren izan zen, 9:16ra. 

Eta junior mailan Paula Ostizek eta Ainhoa Sanzek, Baque Team taldeko bi txirrindulariek esprinta jokatu zuten eta Sanz izan zen Ostizen aurretik gailendu zena. Ane Berastegi hamahirugarren sartu zen, Siets Goikoetxea hamazazpigarren eta Ane Beltran de Heredia 24.