Zaballako espetxera egindako martxagatik dozena bat isun jaso dituzte

Guaixe 2024ko eka. 26a, 11:25

Askeko kideek isunen berri emateko egin zuten prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Guztira 128 pertsonari 153.600 euroko isuna jarri diete. Aske antolakundeak salatu duenez, “elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dute”. Hainbat elkartasun ekimen antolatuko dituela iragarri du.

Aske antolakundeak deituta, "Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazteko" Zaballako espetxera martxa egin zen abenduaren 30ean. Askeko kideek adierazi dutenez, "lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatu zuten. Orain, sei hilabete geroago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri die mozal legean oinarrituta. Guztira 153.600 euroko zigor ekonomikoa ezarri du". Isuna jaso dutenen artean dozena bat sakandar daude, 14.440 euro eskatzen dituzte haiendako. 

Askeko kideek salatu dutenez, "elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dute". Gaineratu dutenez, "isunak ez dira gertakari isolatua, Euskal Herriko mugimendu iraultzailea jazartzeko estatuek darabilten estrategian kokatu beharreko izaera kualitatiboko pauso gisa bezala ulertu behar da". Askeko kideen iritziz, "mugimendu iraultzaileak bere egin ezin dezakeen zigor ekonomikoen bitartez, bere gaitasun politikoa indargabetzea eta bere etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea da xedea, hura otzanduz edota zuzenean suntsituz".

Elkartasuna
Ekonomia jazarpena salatu du Askek: "Euskal Herri Langilearen zapalkuntza nazionalean eta sozialean sakontzeko urratsak ematen jarraitzen dute, oraingoan Euskal Preso Politikoekiko elkartasun adierazpena delitu bilakatu nahi dutelarik, ezerosoak zein potentzialki gatazkatsuak zaizkien borroka guztiak kriminalizatzen ari dira", adierazi dute. Askekoek “Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan" jarraituko dutela adierazi dute, “horretarako borondate politikoa dugulako. 153.600 arrazoi baino gehiago ditugulako borrokan jarraitzeko. Eta ez dago borondatea itoko duen isunik”.

Isunei aurre egiteko "elkartasuna Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko deia" egin dute Askeko kideek. Han-hemenka hainbat ekimen antolatuko dituztela jakinarazi dute. Haietan eta lastailaren 5ean antolatuko duten elkartasun egunean parte hartzera dei egin dute. Aldi berean, laguntza ekonomikoa jasotzeko martxan dagoen kanpainarekin bat egitera dei egin du. Horretarako zabaldu den kontu korrontean (ES72 2095 3157 40 9124041961) ekarpena egin daiteke.