ENBA sindikatuaren parte da LANDAXXI landa eremuko emakumeen elkartea. Haren ordezkaritza bat UAGN sindikatuko Batzorde Eragileko emakumezkoekin topaketa egin zuen Sakanan garagarrilaren 18an. Tartean zen Hodei Flores lakuntzarra. Haien eskutik, lehenik Etxarri Aranazko Poke gaztandegia eta, ondoren, Etxeberriko Lacturaleren behitegia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Topaketaren helburua zen elkar ezagutzea, esperientziak partekatzea elkarrengandik ikasteko eta emakume nekazarien sare bat sortzea eta indartzea.
Topaketan nabarmendu zutenez, “beste kasu askotan bezala, lehen sektoreari lotutako irudia maskulinoa da; horrek ez du esan nahi eremuan aritzen den emakumerik ez dagoenik. Beti egon dira, haren parte izaten jarraitzen dute, eta garrantzi handiko zeregina dute”. Hori jakinik, “garrantzi berezia hartzen du errealitate hori ikusarazteak; izan ere, komunikatzen ez dena ez da existitzen, eta argi uzten du herritarrek gizonak irudikatzen jarraitzen dutela nekazaritza osatzen duten pertsonengan pentsatzeko orduan”. Lehen sektoreko emakumezko erreferenteak sortu beharra nabarmendu zuten, belaunaldi berriak sektorean aritzeko. Nabarmendu zutenez, “lehen sektorearen erronka handienetako bat eskulana eta belaunaldien arteko errelebo falta da”.
UAGNren berdintasunaren aldeko bigarren ekitaldi horrek “indartu egiten du sektorean ez ezik gizarte berean ere emakumea aitortzearen aldeko sindikatuaren apustu sendoa. Azken finean, haien ahotsak entzun behar dira, haien ikuspuntuak, errealitateak, espazio publikoan ere lekua izan dezaten, eta horrela, horiek kontuan hartuko dituzten politikak diseinatu eta gara daitezen, zuzenean eragiten baitiete”. Goizeko bisiten ondoren, bazkarian lehen sektoreko emakumezkoek beren kezkak bateratzen eta sakontzen jarraitu zuten, beren etxalde, erakunde, eskualde eta horrelako jardunaldietatik elkarrekin lan egiten jarraitzeko.