Astekaria

"Hemen betidanik egon dena sustatzera gatoz"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko uzt. 2a, 13:30

Eraldaketa Komunitarioko Bulegoaren aurkezpenean izan ziren Aitor Larraza (MANK), Uxue Itoiz (Gobernua) eta Unai Jimenez.

Unai Jimenez Villanueva Eraldaketa Komunitarioko Bulego berriko teknikaria da. Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak sustatu du, Sakanako Garapen Agentizaren laguntzaz.

Bulegotik aurrez aurre edo telefonoz, edo herrietan egin nahi diren lanketen bidez, modu batera edo bestera energia komunitateei buruzko informazioa helaraziko du Unai Jimenez Villanueva Eraldaketa Komunitarioko Bulegoko teknikariak. Bulegoa Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamenutak sustatu du, Sakanako Garapen Agentziaren laguntzaz. Ekainaren 27an aurkeztu zuten bulegoa, eta aurki zabalik egonen da.

Zer da Eraldaketa Komunitarioko Bulegoa?
Guk haztegi deitzen diogu. Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) dirulaguntza jaso duena, eta Nasuvinsa garatzen ari da. Nafarroan halako sei haztegi jarri dira, haietako bat Sakanan. Guztiak koordinatzen dituen bulegoa ere badago. Haztegi horien bidez energia komunitateak sustatuko ditugu. Alde batetik, energia komunitatea sortu nahi duten talde motorrei laguntza eskainiko diegu. Gainera, eratuta dauden energia komunitateei akonpainamendua eman nahi diegu. Bestetik, zabalkunde lana dago. Jendartean, enpresen edota udalen artean energiaren eta energia trantsizioaren arloko kontzientzia hartzea landu nahi dugu. 

Zer da energia komunitate bat?
Galdera ona. Askotan energia komunitatea instalazio fotovoltaiko batekin lotzen dugu. Ez dira gauza bera. Gure aldamenean bizi direnekin egindako edozein energiari buruzko edozein lanketa litzateke energia komunitate bat. Esaterako, aldamenarekin batera etxea berotzeko egurra erosten badut, hori energia komunitate bat da. Ez gatoz ezer berria asmatzera, baizik eta hemen betidanik egon dena sustatzera. Kontzeptu horren baitan gauza asko sartzen dira eta, beraz, kontzeptu irekia da, herritarren beharretara moldatzen dena. 

Zertarako balio dute?
Energia sortzeko. Baina haien egitekoa da energia trantsizio honetan herritarrak ahalduntzea, jendea izan dadin haiek sortzen duten eta sor dezaketen energiaren jabe. 

Zer abantaila du nork bere energia sortu eta kontsumitzeak?
Asko. Ekonomikoak argiak dira: zuk sortzen duzuna ez duzu erosten eta, beraz, ez duzu ordaindu beharrik. Ekologiaren aldetik, 0 KM-ko energia kontsumitzea hobe da, errendimenduak askoz hobeak dira. Guri alde sozial hori sustatzea gustatzen zaigu, energia hitzaz aparte komunitate hitza ere baitu. Eta energiarena baino lehen komunitatea izan behar dugu. Horregatik, alde sozial horren sustapena oso garrantzitsua da. 

Adibiderik?
Gauza ugari egin daitezke. Ohikoena autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak dira. Udaletxe edo eraikin publiko batean eguzki plakak jartzea eta handik gertu bizi direnekin energia hori kontsumitu ahal izatea. Susta daitezke kontzientzia hartze proiektuak eskoletan, herrietan. Biomasaren inguruko lanketa zabala dago ere, herriaren basoekin, komunalarekin, komunitatean landu den baliabidea izan da, eta halakoak energia komunitate baten baitan sar daiteke. Industriako energia komunitateei dagokienez, esaterako, energiaren merkaturatze kudeaketa egin daiteke. 

Horretarako aukerak daude ibarrean?
Bai, asko gainera. Sortzen ari dira eta gehiago sortuko da. KarKarcar energia komunitatea mugikortasunaren esparruan lan egiten dute, komunitatean partekatutako auto elektriko bat dute. Beste adibide bat da. Sakanako Garapen Agentziak parte hartze prozesua martxan jarri zuen eta ibar osorako lan egin dezakeen energia komunitatea lantzen aritu dira. Prozesua bukatuta, orain eraketa lanekin hasi dira. Oso proiektu interesgarria da, zabalagoa izanik oinarri sendoagoa baitu. Ideala udal guztiak sartzea litzateke. Badakigu batzuk sartuko direla. Herritarrak eta enpresa batzuk ere parte hartu dute, komunitate baten parte edozein izan baitaiteke. Mahai gainean oso proiektu interesgarriak daude, gehienak autokontsumorako, baina denetarik dago.

Zer pauso eman behar dira energia komunitate bat sortzeko?
Energia baino lehen komunitatea dago. Komunitatea sortzeko lehenengo pausoa parte hartze prozesu bat garatzea da. Gehienetan herrietan egiten da, baina ez du zergatik horrela izan beharrik. Sakanan ibar mailan egin da. Edozein herritar, entitate edo enpresak parte har dezake prozesuan eta komunitatea izanen den horri forma ematen diote: dauden beharrak aztertu eta horiei erantzuteko zein proiektu susta daitekeen aztertuko dute. Parte hartze prozesua despeditzean, energia komunitatea eratzen da, forma juridikoa ematen zaio. Behin eratuta dagoela, proiektua lantzen hasten gara. Komunitatearen parte diren bazkideendako zeintzuk diren proiektu interesgarrienak aztertzen dugu. Eta proiektu horien teknika eta lege analisia egiten dugu. Eta martxan jartzen ditugu. Normalean proiektu batekin hasten da eta, beharren arabera, proiektu gehiago sar daitezke. 

Prozesu horretan guztian laguntzen ariko zara?
Hori da ideia. Kanpotik, baina ondoan egonen naiz. Badakigu, normalean, herritarrendako energia gai arrotza dela, horregatik, gertutasuna transmititu nahi dugu. Horregatik sustatu dugu haztegi eredu hau. Edozein energiari buruzko galdera, zalantza edo dena delakoarekin guregana jo dezakete.
 
Etxebizitzak zaharberritzeko bulegoarekin harremana izanen duzue? 
Azkenean oso lotuta dauden energia trantsizioaren bi esparru dira, elkarrekin lan egi beharko dugu, ziur. 

Proiektua betirako da?
Zalantza dago. Momentuz IDAEren laguntza batetik sortu zen eta bi urtetarako dago pentsatuta, 2025eko irailera arte. Hori ziur. Baina Nafarroako Gobernuaren ideia da proiektuak jarraipena izatea zenbait urtetan.  

Non dago bulegoa?
Utzuganen, Sakanako Garapen Gunean, Arbizuko Utzubar industrialdean.