'Mamuki' albumak irabazi du Etxepare Saria

Guaixe 2024ko uzt. 1a, 10:25

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileak saria jasotzen. SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileek irabazi dute album ilustratuak sortzeko sariketaren 5.000 euroko saria; saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, udazkenean.

Burlatako Udal Jauregitxoan egin zuten 2024ko Etxepare Sariko sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an. Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileek jaso dute saria, Mamuki lanarekin. Irabazleek 5.000 euroko saria jaso dute, udazkenean Pamiela argitaletxeak argitaratuko duen album ilustratuen aurrerapen gisa. Nafarroako 23 toki entitateen euskara zerbitzuak antolatzen dute Etxepare Saria, euskarazko haurrendako album ilustratuen sorkuntza bultzatzeko. Aurten 31 lan aurkeztu dira.

Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen: banpiroa, zonbia... edo euskal mitologian dauden Zakuzahar edo Otsoko. Baina alferalferrik da. Maite Rosende ilustratzaileak eta Nerea Ariznabarreta idazleak sortu duten Mamuki album ilustratuak kontatzen duen istorioa da. 

Mamuki lanaren narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, eta erritmoa eta errima erabiltzen ditu, haurrei oso gertukoa eginez. Beldurrari buruzko album umoretsua dela esan zuten sari banaketaren ekimenean, eta "barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean". Testua beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, "gertukoa eta goxoa". 

Erritmoa eta errima ere ilustrazioen ezaugarriak dira, "benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak". Horregatik aurtengo Etxepare Sariko irabazlea album "bikaina" da; "testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako". Irakurlearengan irribarrea eta konplizitatea pizten dute eta orrialdeetan atzera egiteko gogoa ematen duela azaldu zuten.

Etxepare Sariko epaimahaia Miren Aisian ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute. 

Egileak
Mamuki albuma Maite Rosende Gutierrez ilustratzaileak eta Nerea Ariznabarreta Izkue idazleak sortu dute. Rosendek Batxilergo Artistikoa ikasi zuen eta ondoren pintura muraleko goi mailako gradua eta ilustrazioa ikasi zuen, Bartzelonan. Hainbat diziplina artistikoetan trebatzen jarraitu du, eta gaur egun freelance gisa egiten du lan. Ariznabarreta Eibarren jaio zen, eta aitarengandik eta amarengadik jaso zuen ipuin kontakizuna eta abesteko zaletasuna. Hogei bat urte daramatza ipuinak kontatzen eta antzerkia egiten.