Foru Ogasunarekin duten zorra 120.000 eurokoa edo gehiagokoa duten zergadun zordunen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak. 2023ko akaberan 653 zergapekok 319,5 milioi euro zor zizkioten Nafarroako Ogasunari. Zordunen %1,37 sakandarra da eta haiek zor guztiaren %1,10 dute. Hau da, bederatzi zergadun zordun sakandar daude zerrendan, ogasunari 3.526.009,93 euro zor dizkiotenak.
Sakanako zorraren sektorekako azterketa eginda, industria arloko zordunek ibarreko zorraren %36,62 dute,1.291.300,88 euro. Lau enpresa dira, eta denak itxita daude finantza erakundeek eragindako krisiak bete-betean jo ondoren. Hiru zordun ostalaritzakoak dira, eta denak itxita daude. Hiruren artean zorraren %26,23 pilatzen dute, 924.889,59 euro. Eraikuntza sektoreko zordun handi bakarra dugu Sakanan, inantza arloak eragindako krisiak itxiarazi zuen. Ibarreko zorraren %14,69 pilatzen du, 517.795,3 euro. Azkenik, merkataritza arloko enpresak ateak zabalik ditu eta bere zorra azken lau urteetan laukoiztu egin da. Berea ibarreko zorraren %21,71 da, 765.598,93.