San Ferminen kaperan aurkeztu zuten Aspek eta Baikok antolatutako San Fermin Pilota Torneoa. Sanferminetan pilotak arrakasta handia du, eta enpresek eskaintza zabaldu dute: Sanferminetako Lau eta Erdia Nafarroa Arenan jokatuko dute Altunak eta Peña II.ak -3.000 ikusle inguruko aforoarekin, sarreren salmenta oso ondo doa eta goiko solairuetako sarrera batzuk geratzen dira soilik-, eta San Fermin Binakako Torneoa zabaldu dute, sei bikotek beharrean zortzik jokatuko baitute. Gainera, uztailaren 13an Urzante Olioaren Desafioa jokatuko dute bi enpresek, lau eta erdian, binaka eta buruz buru. Guztira, beraz, 11 jaialdi hartuko ditu Iruñeak, arrakastatsuak aurreikusten direnak. Torneoa uztailaren 5ean hasi, eta uztailaren 14an despedituko da, Labriten.
Ezkurdia, tokia egitera
San Fermin Binakako Torneoa bi multzotan jokatuko da, eta sei bikote beharrean, zortzi ariko dira, enpresa bakoitzetik lau, baina aurretiazko kanporaketak jokatuko direlako. A multzoan Altuna-Martija, P. Etxeberria-Zabaleta eta Jaka-Albisuk jokatuko dute, eta B multzoan Peña-Mariezkurrenak eta aurretiazko kanporaketetan sailkatzen diren bi bikok.
Baikoko aurretiazko kanporaketan Urrutikoetxea-Arangurenek Laso-Imaz izango dituzte aurkari uztailaren 5ean, eta Aspeko kanporaketan uztailaren 6an Ezkurdia-Tolosak Elordi-Rezusta izango dituzte aurkari. Bi irabazleek B multzoan aritzeko txartela lortuko dute.