Txirrindulariak

Jon Gil eta Mikel Uncilla, Aiegiko Top 10ean

Guaixe 2024ko uzt. 3a, 10:00

Aiegiko podiuma. Rural Kutxa-Alea talde sakandarra, onena izan zen. MARTIN EARLY

Afizionatuen mailako Casa Luisa Trofeoan lakuntzarra zazpigarren sailkatu zen, eta etxarriarra hamargarren

Asteburuan Euskal Herrian hitzordu bikoitza izan dute afizionatuek. Ekainaren 29an Murgiak 39. Oroko Andra Mari Sari Nagusia hartu zuen (143,9 km), Euskaldun Txapelketako azkeneko lasterketa puntuagarria. Rafael Martinez (Rural Kutxa-Alea) izan zen irabazlea (3:32:06), eta Jon Gil lakuntzarra (Supermercados Froiz) hamabosgarren sailkatu zen (3:32:23). Rural Kutxa-Aleako Martxel Etxeberria iturmendiarra 34. iritsi zen helmugara (3:33:24). 

Ander Ganzabalek (Laboral Kutxa) irabazi du Euskaldun Txapelketa, eta hemendik aurrera Lehendakari Txapelketa hasiko da abian. 

Hurrengo egunean, ekainak 30, Aiegin bildu zen amateur mailako tropela, Casa Luisa Trofeoan (142 km). Lasterketa oso nahasian Tomas Miralles (Vigo-Rias Baixas) gailendu zen (3:30:52), helmugara bakarrik iritsita. Gainontzeko txirrindulariak tantaka iritsi ziren helmugara. Jon Gil zazpigarren helmugaratu zen (3:31:55), eta Mikel Uncilla etxarriarra hamargarren (3:32:06), biek primerako lana egin eta gero. Martxel Etxeberria 43. sailkatu zen, eta Iker Agudelok (Hostal Latorre), Ailetz Lasak (Telcom) eta Adrian Martinezek (Laboral Kutxa) ezin izan zuten proba bukatu. 

Talderik onena Rural Kutxa-Alea sakandarra izan zen.