Txirrindulariak

Ipurdia erakutsi dio, baina iraun du

Eneida Carreño Mundiñano 2024ko uzt. 2a, 20:05

©rtve seinalea

Pogacarrek 50 segundo jan dizkio Vingegaard-i, gainsariekin, Galibier jaisten irabazitakoak, eta aginte-makila hartu du; Tourra, dena den, bizi-bizi mantentzen da

Pogacar-ek eman du lehen kolpea, eta aginte makila berreskuratu du; 50 segundora utzi du esloveniarrak danimarkarra sailkapen nagusian, eta aintzat hartzeko errenta da. Eraso bakarrarekin lortu duelako, eta ia errenta guztia beherantz, Galibier jaisten, ez gorantz. Zehatzago esanda, Galibier-eko jaitsierako zati ez teknikoan, egurra eman behar zen zuzen guneetan, bidea gatz handiarekin eginez. Pogacar-ek Galibier gaina harrapatzeko 800 metro falta zirela jo du. Eutsi dio, lehen kolpean Vingegaard-ek, baina ondoren askatu egin du, eta zazpi-zortzi segundoko errentarekin pasa da pankartapetik.

Jaitseran ondo eutsi dio lehen erdian Vingegaard-ek, hiruzpalau segundoko atzerapena baino ez, baina Plan Lachal gunea pasa eta zuzengune luzeak daude Valloire arte; eman beharreko tokia da, balazta ukitu gabe apenas. Hor garbi geratu da Pogagar osoago zegoela, indartsuago, eta Vingegaard justuago, beteago. Minutu erdia sartu dio ia etapa garaileak bere aurkari nagusiari azken 11 kilometro horietan, eta azkenerako errenta polita lortu du UAE taldeko liderrak.

Vingegaard bete samar zihoalaren erakusle atzetik zetozen lau txirrindularik harrapatu egin dutela: Carlos Rodriguez, Primoz Roglic, Juan Ayuso eta Remco Evenepoel. Haiekin batera helmugaratu da, eta denborak esango du gaur pilatutako atzerapena handia edo txikia den, erabakigarria edo ez. Pogacar zaleak neurririk gabe mintzatuko dira gaur, Tourrarenak egin duela eta beste; Vingegaard-en zaleek, aldiz, minutu erdi hori logikaren barruan dagoela argudiatuko dute. Datorren tokitik etorrita, minutu erdia onartzeko modukoa dela, danimarkarraren neurri onena hirugarren astean ikusteko esperantzarekin. Ostiraleko erlojupekoa izango da hurrengo test-a. Diziplina horretan Evenepoel eta Roglic Pogacar adina edo hobeto ibil daitezke, eta Vingegaard-entzat ere oso test garrantzitsua izango da. Liderraren pare ibili nahiko du, gutxienez, edo hobexeago, 50 segundoko atzerapen hori murrizteko.

Hainbat izen gehiago utzi ditu Galibierrek. Carapaz liderrak bost minutu galdu ditu, eta Pello Bilbaok ere agur esan dio sailkapen nagusi on bati, lau minutu galdu dituelako. Mikel Landa, aldiz, bikain aritu da, eta onenengandik dozena bat segundora bakarrik helmugaratu da. Aipamen berezia Oier Lazkanorentzat. Eguneko ihesaldian sartu da gasteiztarra, eta lasterketa buru ere izan da Lautaret pasa eta Galibierreko lehen malkarretan. Ondoren UAE-ko olatuak gupidarik gabe irentsi du.

Sailkapen nagusian Pogacar-ek 45 segundo kentzen dizkio orain Evenepoel-i, 50 Vingegaard-i, 1.14 Roglic-i, eta 1.16 Carlos Rodriguez-i. Landa zazpigarren da, 1.32ra. Bihar bosgarren etapa, Saint Jean de Maurienne-Saint Vulbas, 178 kilometro, laugarren mailako bi mendate eta esprinterrentzako aproposa. Oilarrek zauriak sendatzeko etapa bi, bihar eta etzi. Zauriak dituenarentzat, Pogacar-ek ez baitauka zauririk!

(Andoni Urbistondo)