Astekaria

Euskaran eta abenturan bat

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko uzt. 10a, 13:30

EuskarAbentura espedizioko parte hartzaileak eta xerpak.

Sei gazte sakandar parte hartzen ari dira aurtengo EuskarAbentura espedizioan. 127 parte hartzaileetatik lau sakandarrak dira, eta hamalau xerpetatik bi. Hilabeteko bideari ekin zioten.

Donejakue bideak jarraituz, zazpi Euskal Herriak oinez batuko dituzte EuskarAbenturan parte hartzen duten parte hartzaileek, 16 eta 17 urte bitarteko gazteek hiriburu guztiak zeharkatu eta bidean dauden gizateriaren ondare guztiak bisitatuko dituzte. Garila guztia emanen dute batetik bestera oinez eta elkarrekin bizitzen, euskaraz.  

Oskia Zubiria Olague urdindarrak herriko bi joan zen urteko ediziora joan zirela jakin zuenean "Instagramen-eta kuxkuxeatzen hasi zen eta asko gustatu zitzaidan igotzen zutena: nola pasatzen zuten eguna, ibilbideak, jolasak... oso ongi pasatzen zuten". Horrek guztiak erakarrita eman zuen izena. Maider Gallego Guerrero altsasuarrak duela bi urte EuskarAbentura izandako lagun baten bidez izan zuen espedizioaren berri. "Primerako abentura zela esan zidan. Oso pozik etorri zenez, parte hartzea pentsatu nuen. Aurten amak parte hartzera animatu nau". Ibai Luquin Ganuza olaztiarrak lehengusu baten bidez ezagutu zuen espedizioa: "ongi pasa zuen eta ongi ibili zen. Pentsatzeko esan zidan". Baita kasu egin ere. Izaro Gaspar Caballero olaztiarraren ahizpak duela hiru urteko espedizioan izan zen, bueltan kontatu ziona gustatu eta pausoa eman du, "gogotsu nago".


Izaro Gaspar Caballero eta Maider Galego Guerrero.

Gasparrek EuskarAbentura "oso esperientzia interesgarria izatea" espero du, "hilabete etxetik kanpo, zerbait desberdina egiteko. Ongi pasatzea espero dut". Luquini erakargarria egiten zaio "hilabete bat mendian ibiltzea, kirola egiteko. Gainera, Euskal Herriko leku berriak ezagutzeko". Gallegok euskalki eta Euskal Herriko toki berriak ezagutuko dituela du buruan. "Lagun berriak eginen ditugu. Bizitza osorako geldituko den esperientzia bikaina izanen da". Gasparrek azken hori berretsi du. Zubiriak "oso esperientzia ona izatea" espero du, "beti oroituko dudana. Eta lagun berriak egitea". 

Aurretik
Espedizioan onartuak izateko EuskarAbenturara zergatik joan nahi zuten eta zer ekarpen egin ziezaioketen azalduz bideo bana egin behar zuten, baita lan bat aurkeztu ere. Luquinek alaitasuna emanen dio espedizioari. "Laguntasuna ere, gauza asko egiten dakit, eta laguntzea gustatzen zait". Olaztiarrak Emakumeak eta kirola gai hartuta, emakumezko kirolari batzuen lorpenei buruzko hiru orrialdeko idazlana idatzi eta azala diseinatu zuen. Gasparrek ere gai bera aukeratu zuen. "Datu historikoak eta istorioak eman nituen. Eta bi adibide eman nituen". Gallegok ipuina idatzi zuen gai hori oinarri hartuta. "Gizartean, bere inguruko egoerarekin, oso eroso sentitzen ez zen neska baten istorioa zen eta familiako emakumezkoen laguntzarekin hori gainditzea eta hobetzea lortu zuen". Euskara eta euskalkiak gaiari heldu zion Zubiriak. Bien arteko desberdintasunak aztertu zituen bideo batean. "Urdindarra naizela baliatuta, euskara eta euskalkia herrian hitz egitea bulkatzeko egin nuen". 


Oskia Zubiria Olague.

Espedizioko kide zela jakinarazi ziotenean Gaspar ezin sinetsi gelditu zen. "Etxean nengoen eta parte hartzaileen berri 11:30ean eman behar zuten. Niri 11:00etarako mezua bidali zidaten. Mugikorrean EuskarAbentura ikusi nuenean gaizki pentsatzen hasi nintzen. Baina zoriontzeko zen, onartua izan nintzelako". Zubiriak hasieran ez zuen sinisten. "Denbora asko pentsatzen egon nintzen, urduri. Baina esan zidatenean oso pozik sentitu nintzen, oso ongi". Gallego klasean zegoen. Beste klaseko kide batzuk ere aurkeztu ziren. "Nik ez nuen mezurik jaso, soilik ikastetxeko posta elektronikoa nuelako. Zerrendak ikusi nituen eta nire inizialak ikusi nituen. Beharbada ez nintzen ni izanen, baina klasean oso pozik. Gainera institutuko hiru gehiago sartu ziren. Haiek bai jaso zutela mezua. Oso pozik atera ginen klasetik. Etxera bueltatzean ikusi nuen mezua, eta oso pozik". Luquin "pozik" jarri zen. "Gainera, nire klaseko kide bat ere joaten da. Horrek ere beldurra kentzen dizu, beti da hobe ezagutzen duzun norbaitekin joatea". Beste parte hartzaile bat eta herrikoa den xerpa bat ezagutzen ditu gainera. 

Aurreikuspenak
Luquinek espero du "ongi pasatzea eta, ahal bada, etapa guztiak ongi bukatzea eta leku berriak ezagutzea". Zubiriak espedizioari izena ematen dioten bi elementuak gogoko ditu: euskara eta abentura. Gallegok "euskaraz hitz egiteko ohitura gehiago" hartu nahi du, "lagun gehiago egin eta haiekin euskara partekatzea". Gasparrek ere euskara gehiago praktikatu nahi du, "baina, baita ere, leku desberdinak ezagutu" nahi ditu, "esperientzia ikaragarria iruditzen zait". 

Hilabete batean 400 km egin beharko dituzte espedizioko kideek. Luquinek jakinarazi duenez, aurtengo ibilbidea aurrekoen desberdina da: "Iparraldean hasten gara, Nafarroan sartu eta, atzera buelta Iparraldera. Aurten Iparraldean egun gehiago egonen gara". Gasparri ahizpak esan dio "hasieran pixka bat gogorra egiten dela, denbora asko dela ibiltzen, baina ondoren ongi". Aitortu duenez, ez du ezer entrenatu. Zubiria batere entrenatu gabe joan zen: "festetan bi egun pasa ondoren, espero dut hasieran pixka bat kostatzea, baina ondoren ongi ibiltzea". Gallegok esan duenez, "ez gaude ohituta hainbeste ibiltzera, hainbeste egun. Gainera, hasieran jende ezezagunarekin. Baina hilabete bat denez, penaz joanen naizela esan didate". Luquinek aurretik kirola egiten bazuen ere, hilabete lehenago mendira gehiago joaten hasi zen, baita gimnasiora pixka bat ere. "Uste dut ez dela oso zaila izanen". Gallegok, berriz, lagunekin batera ibilaldi batzuk egin ditu. Joan zen urtean aritutako urdindar batek Zubiria "asko lagundu dit: motxilan zer eraman, zer prestatu eta halakoak esan dizkit". 


Ibai Luquin Ganuza.

Iparraldeko etapak dituzte begiz jota Gallegok eta Luquinek. Azken horrek esan duenez, "ez naiz han egon eta ezagutu nahi dut". Gasparrek "beharbada Bilboko zerbait. Esan didate azkeneko eguna Getxon pasada bat dela, baina hori iristea ez dut nahi". Zubiriari Baztan, Lesaka eta Iparraldea hori gustatzen zaizkio. 

Espedizioa hasi bitartean Gaspar euskara gehiago hitz egiten saiatu dela azpimarratu du. Gallegok ere. Luquinek esan duenez, "batzuetan pixka bat zaila egiten da. Baina saiatuz euskaraz erraz hitz egin daiteke". Aitortu duenez, Olatzagutian euskaraz "oso gutxi" egiten dute, "pena da". Zubiriak esan duenez, euskara hitz egitearena "pixka bat bai" entrenatu behar dela, "ez baikaude ohituta beti euskaraz hitz egitera. Baina ongi ibiliko naizela uste dut". 

Zubiriaren iritziz "EuskarAbenturan lagun asko egiten dituzu eta leku askotako jendea ezagutzen duzu, beraz, norabait joatean bakarren bat ezagutuko dut eta lekuak ezagutzeko aukera ematen dizu". Horregatik etxera bueltan "oroitzapen onak eta lagun berriekin" bueltatu nahiko luke. Luquin "oroitzapen askorekin" bueltatuko da, "leku berri asko bisitatuko baititut". Gallegok eta Gasparrek "batez ere lagunak egitea" espero dute, "bizi guztian gogoan izateko lagun hauek EuskarAbenturan egin nituela. Espedizioan egon zen nire laguna bere espedizioko kideekin hitzorduak jartzen dituzte. Hori bizitza osorako da". Gauza bera egiten du Gasparren ahizpak. Berak etxera esperientzia onekin bueltatu nahi du.  

Xerpak
Maialen Biain Goñi etxarriarra xerpa laguntzailea da, xerpa berriz, Aimar Vicente Lopez de Goikoetxea olaztiarra. Biak ere aurretik parte hartu dute espedizioan. Biain 2021ekoan aritu zen, pandemia betean. Hamar egunekoa izan zen orduko edizioa. "Oso ongi pasa nuen eta harreman oso politak sortu genituen. Beti gelditu zait arantzatxo bat. Bueltatuko naiz". Aurten begirale titulua atera du eta praktikak EuskarAbenturan eginen ditu. "Askok esan didate ea zertan ari naizen hilabete batez etxetik kanpo praktikak egiten. Niri asko gustatzen zait ideia. Disfrutatzera noa, parte hartzaile bat banintz bezala". Aimar Vicente Lopez de Goikoetxeak "abentura zoragarri" gisa oroitzen du duela hiru urteko espedizioko bere parte hartzea. Xerpa laguntzaile izan zen joan zen urtean, praktikak egin zituen: "esperientzia izugarria izan zen. Argi nuen aurten xerpa izan nahi nuela, eta aukera hori eskaini dit espedizioak". Biak elkarlanean ariko dira.

Vicentek esan duenez, EuskarAbenturan begirale da "nazio mailako espedizio bat delako, aukera gutxi daudelako halako esperientziak bizitzeko eta badakidalako Olatzagutian Udan Euskaraz beti egonen dela". Biainek azaldu duenez, "gehiago gustatzen zait gazteekin lan egitea haurrekin baino. Gainera, nahiago nuen udaleku bat, lo egitearena. Eta EuskarAbentura aukerarik onena iruditu zitzaidan". Vicentek gaineratu duenez, parte hartzaileak "adin aldetik helduak dira eta ez da guztiz gure ardura, haiena ere bada berain eta besteen burua zaintzea. Guztion elkarlana beharrezkoa da".


Maialen Biain Goñi.

127 gazteez 30eko lantaldea arduratzen da. Haietatik hamar xerpa eta beste lau laguntzaile daude. Lantaldean ere daude: koordinatzaileak, argazkilariak, bideogileak, medikuak, erizainak, gidariak eta material arduradunak. Guztiak lantaldetan banatzen dira: osasuna, komunikazioa, xerpak, koordinazioa... Etxarriarrak berarekin espedizioan egondako xerpa eta Vicente ezagutzen ditu aurretik. Begirale eta lantaldeko kide guztiak Zarautzen elkartu ziren garagarrilaren hasieran. "Prestaketa lanak eta gure artean ezagutzeko topaketa izan zen", azaldu du Biainek. 

Parte hartzaileak taldeka banatzen dituztela azaldu digute xerpek. "Hamaika talde gaude eta xerpa bakoitzak talde baten ardura du. Bestela, etapak egiteko ibiltzeko erritmoaren arabera hiru taldetan banatzen ditugu jzioquitarrak", argitu du Biainek. Bien ardurapeko taldean hamahiru jzioquitar daude. Etxarriarrak esan duenez, "azkenean, nik nire taldekoak hobe ezagutuko ditut. Azken finean, beraiekin gosaldu, bazkaldu eta afaltzen dudalako. Baina gero etapetan beste batzuekin baldin banago haiek ere ezagutuko ditut, baina besteren batekin behar bada ez dut hainbeste bat eginen. Azkenean denok elkar ezagutuko dugu". 


Aimar Vicente Lopez de Goikoetxea.

Egun bat
Egunero 07:00ak aldera esnatu eta taldean elkarrekin gosaltzen dute, eta egunaren aurreikuspena egiteko baliatzen dute. Ondoren, motxilak prestatu eta handiak furgonetan sartzen dituzte. Eta ibiltzeari ekiten diote. "Batzuetan etapa irekitzea egokituko zaigu eta jzioquitar guztiak nire pausoei segika izanen ditut", azaldu du Vicentek. Gaineratu duenez, "kirola egiteko ohituraren arabera hiru talde egiten ditugu". Bidean hamaiketakoa izaten dute. Etapako ibilbidea osatuta, bazkatzera elkartzen dira. Arratsaldean, berriz, hainbat eragileren hitzaldiak, dinamikak edo bestelakoak dituzte espediziok kideek. Afaldu aurretik dutxa hartzeko edo aisialdirako tartea dute. Iluntzean edozein udalekutakoen pareko dinamikak dituzte. "Hilabete bat etxetik kanpo da, baina han beste etxe, familia bat sortzen dugu", azaldu du Vicentek. Atseden eguna Olatzagutiko festetan hartu duela ere jakinarazi du. Biainek aitortu du etapa asko ez dituela ezagutzen. Baina Araia eta Zerain artekoa "interesgarria" iruditzen zaio. "Oso etapa polita" dela berretsi du Vicentek, baina kostaldeko eta Ipar Euskal Herriko etapak ditu begiz jota. 

EuskarAbenturan lagunak egin zituzten biek. "Euskal Herrian sare bat sortzen duzu. Beste edozein bezala, zuk zaindu beharko dituzu harreman horiek. Nik harreman sendoenak sortu nituenekin oraindik kontaktua dut. Oso polita da", esan du Biainek. Vicentek gaineratu duenez, "urtean zehar Euskal Herriko edozein puntara zoaz eta jende ezaguna duzu han. Eta beste plan batzuk egiteko aukera ematen dizu, batez ere agorrilean herrietako festetan ibiltzeko". Vicenteren espedizioko oroitzapen guztiak onak dira, "oso ongi pasatzen dugulako. Ordu guztiak probestu nahi ditugunez, puntu negatiboa da lo gutxi egiten dugula, ahazten zaigu". Bizitako esperientziaren arabera, eta aukera izanez gero, Biainek ez du baztertu heldu den urtean xerpa gisa bueltatzea. 

Euskara herrira ekartzearena "bakoitzaren esku dago" Biainen iritziz, "baina oso garrantzitsua da. Han sortzen dituzun ohiturak zure egunerokotasunean mantentzen badituzu, euskara zure hainbat arlotara eraman dezakezu". Vicentek esan duenez, "uste dut jende askok 'klik' egiten duela, eta harreman berriak egiterakoan euskaraz izatean gehiago laguntzen du. EuskarAbenturak euskararen aldeko 'klik' hori egiteko balio du".