Urbasako kanpineko energia eraginkortasuna hobetuko da

Guaixe 2024ko uzt. 11a, 11:40

Urbasa Bioitza kanpingeko bungalowak. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak lanak emateko deialdia egin du.

Nafarroako Gobernuak, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitate Atalaren bitartez, Urbasa kanpinaren energia eraginkortasun hobetzera bideratutako hainbat jarduera egitea erabaki du. Lanek 328.131,67 euroko aurrekontua dute eta Europako Next Generation funtsak erabiliz finantzatuko ditu gobernuak. Deialdian interesa duen enpresak agorrilaren 2ko 14:00ak arte aurkez dezake eskaintza. Kontratua eskuratzen duen enpresak lanak egiteko lau hilabeteko epea izanen ditu. 

Proiektua egiteko foru administrazioak kanpinaren energia auditoria eta energia eraginkortasun ziurtagiria egin zituen joan zen urtean. Eta hobekuntza lanak lau arlotan aurreikusi dituzte. Batetik, eraikin nagusien inguratzaileetan hobekuntzak egiten dituzte. Hala, gela anitzeko eraikinaren estalkian isolamendu termikoa hobetuko dute eta tabernaren estalkian isolamendu termikoa hobetuko dute. Gainera, bi eraikinetako ataripeetan hondatutako egurrezko panelak ordeztuko dituzte.

Bestetik, aerotermia instalazioak eginen dira honako eraikinetan: bungalowak, taberna-jatetxea, logela anitzen eraikina eta logela anitzeko eta taberna-jatetxeko eraikinetan dauden bi etxebizitzetan. Horrekin batera autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa jarriko da taberna-jatetxearen estalkian eta bungalowetarako ur beroa sortzeko eraikinean fototermia-instalazioa. Azkenik, argiztapenari dagokionez, luminarien ordez LED teknologia duten argi berriak jarriko dira.