Automobilismoa

Sakandarrak ongi VI. Irurtzun Arakil Rallysprintean

Guaixe 2024ko uzt. 10a, 11:00

Ander Gurmindo eta Mikel Larrea, Zuarrarraten gora. AVM

Javier Goikoetxea eta Iñigo Galarza kopilotuak podiumera igo ziren

Ekainaren 30ean 32 autok parte hartu zuten VI. Irurtzun Arakil Rallysprintean, eta horietatik 26k osatu zuten Zuarrarrate portuan prestatutako 12,6 km-ko eremua, hiru aldiz. Azkarrenak Agurain Eskuderiako Andoni Perez de Villarreal pilotua eta Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarra izan ziren (BMW E30), Formula Libreko 10. klaseko txapeldunak (23:22.100). 

Iñigo Galarza iturmendiarrak Kintoa Motorsport eskuderiako Alvaro Gutierrez pilotuaren kopilotu lanak egin zituen beste behin (Citroen Saxo). Lan ederra egin zuten, scratch edo sailkapen orokorrean zazpigarrenak izan zirelako eta bere mailan, lehen klasean, txapeldunak (24:56.600).

Sakana Motorsport eskuderiako ordezkariak Ander Gurmindo pilotua eta Mikel Larrea kopilotua izan ziren (Clio Sport). Scratchean hamaseigarren sailkatu ziren, eta bere mailan, lehen klasean, hirugarren izan ziren (27:42.100).