Uztailaren 14ra bitartean San Fermin Herri Kirol Jaialdiak jokatuko dira eguerdiro Iruñeko Foruen Plazan. Nafarroako Herri Kirol Federazioak egitarau zabala prestatu du, eta tartean zenbait herri kirolari sakandarrek hartuko du parte.
Andra Mari, trontza eta proba konbinatuetan
Uztailaren 10ean, asteazkena, Nafarroako Gizonezkoen Trontza Txapelketa jokatuko da. Urritzolako Aritz Legarreak Aizarotzeko Jon Etxeberriarekin osatuko du bikoa, eta etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai, eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai egin beharko dizkiote. Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena izango dituzte aurkari.
Egun berean, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa erabakiko da. Momentuz lau bikotek eman dute izena, tartean Andra Mariko Jokin Camposek eta Adur Lizarragak. Igantziko Danel Urtxegi-Mattin Eugi, Basaburuako Oier Migeltorena-Aiert Fagoaga eta Arantzako Saioa Etxegarai-Oinatz Madariaga izango dituzte aurkari. Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egin beharko dizkiote.
Uztailaren 10ean ere herri kirol proba konbinatuen erakustaldia egongo da Foruen Plazan. Kimuen mailan Andra Mariko talde batek parte hartuko du, Arantza, Basaburua eta Igantziko taldeekin batera.
Lau sakandar III. Mailako Aizkora Txapelketan
Uztailaren 11n Nafarroako Gizonezkoen III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Iruñean. Guztira hamahiru aizkolarik parte hartuko dute, tartean Oier Mitxelena altsasuarrak, Aitor Saralegi irurtzundarrak, Joan Goikoetxea etxarriarrak eta Amets Aristizabal urdiaindarrak. Iker Goldarazena, Markel Iturralde, Beñat Senosiain, Oier Larretxea, Mikel Santesteban, Julen Urrutia, Ander Etxeberria, Mikel Armendariz eta Xabier Mitxelena izango dituzte aurkari. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta azkarrenek egingo dute aurrera.
Mikel Lasarte, Motozerrako txapela defendatzera
Uztailaren 12an XXIV. San Fermin Motozerra Saria jokatuko da. Sakanako Harri Jasotze Eskolako irakasle eta arduradun Mikel Lasartek hartuko du parte, Peio Kañamaresekin eta Juan Asinekin. 30 minutuko bi txanda izango dituzte, eta txanda bakoitzean irudi bat egin beharko dute. Joan zen urtean Mikel Lasartek jantzi zuen txapela, urte luzez txapeldunorde izan eta gero.
Harri jasotze Torneoa
Bukatzeko, uztailaren 14an Nafarroako Emakumezkoen San Fermin Harri jasotze Torneoa jokatuko da eta lehiakideen artean Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen diren harri jasotzaileek hartuko dute parte. Txapelketan hiru altxatzaile lehiatuko dira: Ane Cestau, Isabel L. Vives eta Andere Larrion. Bi harri desberdinekin (63 kiloko zilindroa eta 50 kiloko bola) 2 minutuko txandak egingo dituzte.