Pilota

Ezkurdia eta Tolosa, San Fermin Torneotik kanpo

Guaixe 2024ko uzt. 8a, 09:20

Ezkurdia eta Zabala, aurretiazko kanporaketan agurtzen. JESUS GARZARON

Aurretiazko kanporaketan 19-22 galdu zuten Zabalaren eta Rezustaren kontra

Aspaldiko partez Joseba Ezkurdiak ez du San Fermin Binakako Pilota Torneoan parte hartuko. Aurten nobedadeak iragarri zituzten torneoan, eta tartean bi aurretiazko kanporaketa antolatu zituzten, torneoko bi toki betetzeko. 

Aurretiazko kanporaketa horietako batean, uztailaren 6an Ezkurdiak eta Tolosak Zabala eta Rezusta izan zituzten aurkari, Labriten. Zabalak mina hartuta dagoen Elordiren tokia hartu zuen, eta modu ezin hobean, gainera. Partidan parez pare aritu ziren bi bikoak, eta berdintasuna izan zen ezaugarri nabarmenena. Azkenean, lehia gogor eta borrokatuan, 19 eta 22 gailendu ziren Zabala eta Rezusta, eta San Fermin Torneorako sailkatu ziren. Aldiz, torneotik kanpo geratu ziren Ezkurdia eta Tolosa, eta San Ferminetan ariko dira, baina jaialdietako irekiera edo itxiera partidetan. 

Aurretiazko beste kanporaketan, uztailaren 5ean jokatutakoa, Lasok eta Imazek 17-22 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Arangureni eta torneorako sailkatu ziren. 

Martija eta Zabaleta, torneorako prest
Altuna eta Martija uztailaren 9an, asteartea, sartuko dira lehian San Fermin Binakako Pilota Torneoan. Jaka eta Albisu izango dituzte aurkari. Peio Etxeberriak eta Zabaletak, aldiz, uztailaren 7an 18 eta 22 hartu zituzten mendean Jaka eta Albisu partida estu bezain bizian. Uztailaren 11n Altuna eta Martija izango dituzte aurkari.