Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek lankidetza hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2024ko uzt. 9a, 08:27

Ana Urkiza eta Alaitz Artolazabal hitzarmena sinatzeko unean.

Haren bidez harremanak sendotu, elkarlan ildoetan sakondu eta "egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratuko" dituzte 

Eusko Ikaskuntza erakundearen lehendakariak, Ana Urkizak, eta Tokikomen zuzendari nagusiak, Alaitz Artolazabalek, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenak bi erakundeen arteko harremanak sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko asmo du. Haren bidez, Eusko Ikaskuntzak eta Tokikomek elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu nahi dituzte, edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko.

Horretarako, bi erakundeek ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute, eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa ekarpen adierazgarriak egin ditzaketen kasuetan. Hitzarmenean jasotzeko lanen jarraipena egiteko batzorde bat ere eratuko dute erakundeok, elkarrekin egin beharreko lanak adostu zein egindakoen balorazioa egiteko.

Urkizaren hitzetan,"hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik". Azpimarratu nahi izan du, "Tokikomen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan".

Artolazabalek, berriz, "hitzarmenak aukera emango die toki komunikabideei Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko" azpimarratu du zuzendariak.

Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen ondorio gisa, Tokikom Eusko Ikaskuntzak lastailaren 2,3 eta 4an Gasteizen antolatu duen Elkartzen Gaituena XIX. Kongresuko babesle izatera pasa da.

Sinatzaileez
Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko.

Tokikom, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bildutako toki komunikabideen ekimenez, eta 78 toki hedabide batzen ditu gaur egun, Guaixe barne. Tokikom sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzun nahi dio.