Astekaria

"Oso txikitatik argi izan nuen harpa jolea izan nahi nuela"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko uzt. 11a, 13:23

Alicia Griffiths Turrillas harpa jolea Itxasperrin. UTZITAKOA

Alicia Griffiths Turrillas harpa jolea duela urte bat eta erdi inguru Urritzolara bizitzera joan zen. Aurreko urteko udan herriko elizan harpa festibala egin zuten, eta aurten Itxasperrin eginen dute.

Bere bigarren izena Erkuden dela kontatu du Alicia Griffiths Turrillas harpa jole iruindarrak. "Abizen horiekin nahikoa ez balitz, exotikoagoa izateko edo". Bere amak Altsasuko institutuan lan egin zuen, bertan izena ezagutu zuen, eta gustatu zitzaion. Orain arte Sakanarekiko lotura "bakarra" zen, baina konexio antzeko bat zen, izan ere, duela urte eta erdi "ezustean eta bilatu gabe" Urritzolara bizitzera joan zen. Besteak beste, Kontserbatorioko irakaslea da, Nafarroako Orkestrako kidea eta bakarka kontzertuak ematen ditu ere. Iazko udan harpa festibala antolatu zuen Urritzolako elizan eta aurten Itxasperrin emanen du Alicia Griffiths eta lagunak kontzertua, uztailaren 15ean, 19:00etan.

Zergatik harpa?
Oso txikitatik harpa nahi nuela esaten zidaten familiakoek. Ez dakit nondik datorren interesa, eta beste bizitza batetik datorrela pentsatzen hasi naiz. Izan daiteke telebistagatik edo kontzertu didaktikoren batengatik. Zazpi urterekin instrumentua aukeratu behar nuen gitarra aukeratu nuen, oso pozik, baina harpa eskatzen jarraitzen nuen. Kontserbatorioan harpa jarri zutenean hasi nintzen. 

Nola jotzen da? 
Hari pultsatuko instrumentu bat da, baina hatz mamiekin jotzen da. Oso boluminosoa da, 40 bat kilogramo pisatzen du; hiruki formako estruktura handi bat da eta hanken eta sorbaldaren gainean jartzen da, ez pisatzeko oreka bilatuz. Harietara bi aldeetatik iristen da, modu asimetrikoan, eta eskuinarekin erregistro zentrala eta agudoak jotzen dira eta ezkerrarekin erregistro zentrala eta grabeak. 47 hari ditu eta zazpi pedal. Zailtasunetako bat da eskuen eta oinen arteko koordinazioa. 

Zein izan da zure ibilbidea?
Harparekin hasi nintzenean musika nekienez eta hainbeste gogo nituenez, ez ninduen inork gelditu, gradu elementala eta erdi maila zortzi urtetan egin nuen. Ondoren, goi maila egitera, bachelor of music, Londresera joan nintzen, lau urtez, eta bertan gelditu nintzen. Hiru urtetan masterra egin nuen. Guztira, hamabost urtez ikasten egon naiz. Ez dago trikimailurik, ikasketa eta lan ordu asko dira. Beti ikasten zaude. Oso gaztetatik erabaki nuen honetan lan egin nahi nuela: hamasei edo hamazazpi urterekin oso konbentzituta nengoen.

Instrumentu oso klasikoa da, ezta?
Barrokoko musikarekin, klasikoarekin edo erromantikoarekin erlazionatzen dugu, bai. Baina askotarako ematen du. Gehienbat musika klasikoaren barruan mugitu naiz, baina erdi aroko harpa bat jo izan dut, eta duela bi egun idatzitako pieza garaikideak jo ditut ere. Baina beti musika klasikoa, serioa edo formala deitzen diogunaren barruan. Orain folk musika ikertzen ari naiz; libreagoa da, sustraietakoa, partiturarik gabekoa. Harpa edozein estilotan egon daiteke.

Eta nola ikusten duzu musika klasikoa? 
Aldatzen ari da. Publikoa aldatzen ari da, gustuak aldatzen dira, eta musikarien aldetik iniziatiba asko daude zabaltzeko eta aretoetatik ateratzeko eta beste inguru sozialetara eramateko, jendeak musika behar duen toki horietara eramateko; kasposo edo elitista etiketa hori kentzeko. Musika klasikoa ez da zerbait zaharra edo urrutikoa bezala ulertu behar. Guztioi iristen zaigu, beti zerbait mugitzen dizu. Komertzialagoa izan daitekeen musikara gerturatzen da ere, soinu bandak esaterako. Oso gertukoak dira, baina azken finean kontzertu sinfoniko bateko musika da. 

Nola iritsi da harpa jole bat Urritzolara? 
Istorioa oso polita da. Kasualitatez beterikoa. Errotzen familia daukat eta duela bi urteko udan lekualdaketarekin laguntzen ari nintzen eta Iruñera itzultzeko, denbora nuenez, beste bide batetik joatea erabaki nuen. Urritzolara iritsi nintzen eta autobidera atera nahi nuen baina ez nuen bidea aurkitzen. Plazan pertsona batekin egin nuen topo, pentsa, Urritzolako plazan, abuztuko astelehen bateko 10:00etan. Pertsona hori Iruñeko inmobiliaria batekoa zen, eta etxe bat erakustera joan zen. Aurretik ikusita neukan iragarki bateko etxea ote zen galdetu nion. Bisitariak berandu zetozen, eta ea ikusi nahi nuen esan zidan; izan nituen bi minutuetan maitemindu nintzen. Filmetako etxea zen; filmetako herri eta ibarrean. Hortik atera nintzen pentsatuz ezin nuela alde batera utzi.

"Urritzolara kasualidadez iritsi nintzen, eta konexioak ikusten hasi nintzen"

Konexio gehiago ikusten hasi nintzen: gertu senideak nituen, aspaldiko lagun bat Urritzolara bizitzera joan zen, beste bat Zuhatzura... Sofa laranja zen, nire etxekoa bezalakoa. Hainbat hilabeteko tramiteen ondoren, dena bat etorri zen. Bizitzera joan aurretik herriko jendea aurkeztu zidaten, dinamika ezagutu zuen, eta jendea oso jatorra eta abegikorra zen. Ametsetako etxe batek behar duen zerrenda egingo banu, hori izango litzateke. Aurretik banuen ideiaren bat hiritik herrira joateko, baina idealizatuta neukan. Oso ausarta iruditzen zitzaidan. Pelikuletan bezala izan da.  

Iritsi eta aurreko udan festibala antolatu zenuen. 
2023ko otsailan etorri nintzen, eta udan harpa festibala antolatu nuen Donostiako eta Bilboko bi lagun harpa jolekin. Aspaldi generaman zerbait egiteko nahian, eta baldintza guztiak betetzen ziren hemen. Sei egunez elkarrekin egon ginen eta hamar ikasle etorri ziren. Kontzerturako herriko eliza ireki ziguten, bi urte itxita egon ondoren. Herria guztiz sartu zen, eta oso pozik zegoen. Oso arrakastatsua izan zen. 


2023an egindako harpa festibala Urritzolako elizan. UTZITAKOA

Aurten errepikatuko duzue.
Iniziatiba gustatu zitzaidan eta inpultsoa hartu zuenez, aurten lau eguneko erresidentzia artistikoa egingo dugu. Kontzertua uztailaren 15ean, astelehenean, 19:00etan, Itxasperrin izango da. Espazio hori oso berezia iruditzen zitzaidan, Arakilgo topagune berezia da, eta ingurua ere izugarria da. Hemen oso gustura nago eta dena oso erraza izaten ari da. Oso polita. Kulturarekin elkartu nintzen eta disponibilitate osoa eman zidaten, eta jendeak ere esaten dit ea harpakoa naizen eta noiz emango dudan kontzerturen bat hemen.